DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Langile bat hil da Iurretan, baso-lanak egiten ari zela

LAB sindikatuak salatu du «kezkagarria eta aztoragarria» iruditzen zaiela lan-istripuek urtetik urtera gora egitea

Langile autonomo bat hil da Iurretan
Langile autonomo bat hil da Iurretan

IURRETA | LAB sindikatuak astelehen honetan salatu duenez, langile autonomo bat hil zen abuztuaren 14an, baso-lanak egiten ari zela. Heriotza horrekin, dagoeneko 36 dira aurten Euskal Herrian lan-istripuz hildako langileak, LABek salatu duenez.

Lehenik eta behin, LAB sindikatuak babesa eta elkartasuna adierazi nahi izan die hildakoaren senideei eta hurbilekoei. «Basogintza-sektorean arriskuak handiak dira. Makina arriskutsuekin lan egiten dute, lur malkartsuetan, eguraldi txarra dagoenean… eta, gainera, haien lan-baldintzak gero eta eskasagoak dira. Onura ekonomikoak langileen osasunaren eta bizitzaren gainetik jartzen dira, baita sektore honetan ere», zehaztu dute.

Langile horren heriotzaren arrazoiak eta lan-baldintzak eta lan-erritmoak ikertzeko eskatu dute. «Arduradunak seinalatu behar dira», puntuatu dute.

LAB sindikatuak salatu du «kezkagarria eta aztoragarria» iruditzen zaiela lan-istripuak urtez urte ugaritzea. «Lan-istripuen gorakada prekarizazio-politikaren eta erakundeek lan-osasunaren arloan duten kontrolik ezaren ondorio da. Laneko arriskuen prebentzioan beharrezko neurriak hartuz, eta sortutako enplegua kalitatezkoa balitz, lan-istripuak ez lirateke zertan handitu behar», gaineratu dute.

Erakundeei eta gobernuei exijitu diete beste aldera begiratzeari uzteko eta, behingoz, lan-osasuneko politikak errotik aldatzeko, sarraski horren aurrean neurriak hartzeko eta istripuak saihesteko beharrezkoak diren politika errealak abian jartzeko. «Horretarako, langileen segurtasuna eta bizitza bermatu behar dira, interes ekonomikoaren gainetik», zehaztu dute.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top