DOT Durangaldea

LandaLand jaiaren lehenengo edizioa hartuko du Amorebieta-Etxanok, larunbat honetan

Jauregibarrian ospatuko den LandaLand Jaiak egun osoko egitaraua eskainiko du, musika, kultura, aisialdia eta publiko guztiei zuzendutako jarduerak uztartuz

Leixuri Arrizabalaga, Kultura, Euskara eta Kirol diputatua, eta Ainhoa Salterain, Amorebieta-Etxanoko alkatea

AMOREBIETA-ETXANO | Amorebieta-Etxanoko Udalak gaur goizean, ekainak 22, egindako prentsaurrekoan aurkeztu du LandaLand Jaia, udalerrian lehen aldiz ospatuko den ekimena. Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan antolatutako jardunaldiak ekainaren 27an izango du hitzordua Jauregibarrian, eta aisialdia, kultura eta musika uztartuko ditu adin guztietako herritarrentzat pentsatutako programa zabal baten bidez.

“LandaLand Jaia udalerrian lehen aldiz ospatuko den ekimena da, eta ilusio bereziarekin aurkezten dugu. Herritar guztientzat pentsatutako jai eredua da, belaunaldi ezberdinak espazio berean elkartzea, kulturaz eta aisialdiaz gozatzeko aukera eskaintzea eta Jauregibarria bezalako gune berezi bat balioan jartzea helburu dituena”, adierazi du Ainhoa Salterain Amorebieta-Etxanoko alkateak.

LandaLand Jaia adin guztietako herritarrak elkartzeko helburuarekin sortu da, familia giroko kultura eta aisialdi eskaintza berria eskainiz. Goizetik gauera arte luzatuko den egitarauak jarduera ugari eskainiko ditu, herritarren parte-hartzea sustatuz eta Jauregibarria udalerriko kultur eta aisialdi gune nagusietako bat bihurtuz egun batez.

Eguerdian hasiko da jaia Udabarri Dantza Taldearen emanaldiarekin. Aldi berean, food truck gunea, rokodromoa eta egurrezko jolasak martxan jarriko dira, haurrek zein helduek egun osoan zehar gozatu ahal izateko.

Programazioaren barruan, ipuin-kontalarien saioak ere izango dira, eta arratsaldean Eneko Martínez magoak bi emanaldi eskainiko ditu publiko guztiarentzat.

Jardunaldiko une berezienetako bat Zornotxoriaren banaketa eta oroigarri ekitaldia izango da. Bertan, Anita Maravillas antzerki konpainiari egingo zaio aitortza, Max sarien irabazle izateagatik eta euskal kulturaren sustapenean egindako ibilbideagatik.

Musikak protagonismo handia izango du egun osoan zehar. Mikel Urdangarinek emango dio hasiera kontzertuen

programazioari eguerdi partean; arratsaldean Señeak Bizkaia taldearen emanaldia izango da, eta ondoren Zornotzako Musika Bandak hartuko du lekukoa. Jaia Olaia Inziarteren kontzertuarekin amaituko da.

LandaLand Jaiaren lehen edizioarekin, Amorebieta-Etxanoko Udalak kultura, sormena eta familia giroko aisialdia sustatzeko apustua egiten du, herritarrentzako kalitatezko topagune berriak sortuz eta udalerriko kultur eskaintza indartuz.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top