DOT Durangaldea

Kultur-programa anitz antolatu du Mallabiak, Korrikaren 24. edizioaren harira

Gaueko 22:40ak aldera iritsiko da zapatuan herrira

Korrikaren irudi bat Azazetan

MALLABIA | Badator Korrikaren 24. edizioa, euskararen aldeko lasterketa ospetsua. Ekimen hau AEK euskaltegiak bi urtez behin antolatzen du, euskararen normalizazioan eragiteko helburuarekin, eta aurten ere Mallabiko Udalaren eta herriko hainbat eragile eta kolektiboren elkarlana izango du.

“Korrika 2026” 11 egunez egingo da, martxoaren 19an Atharratzen hasi eta martxoaren 29an Bilbon amaituta. Epe horretan, Euskal Herriko hainbat herri eta hiri zeharkatuko ditu, guztira 3.436 errelebotan, eta horietan adin guztietako herritarrek lekukoa eramango dute, euskararen erabilera sustatzeko eta normalizazioa bultzatzeko helburuarekin. Aurten, gainera, lasterketa “Euskara Gara” lelopean egingo da.

Korrika Mallabian

Korrikaren harira,  hainbat ekintza kultural eta kirol jarduera ospatuko dira Mallabian, guztiak euskararen aldeko konpromisoarekin. Egitarauak adin eta gustu guztiei zuzendutako proposamenak bilduko ditu.

Korrikaren lekukoa martxoaren 28an iritsiko da Mallabira, gaueko 22:40ean. Erreleboa Ermutik iritsiko da eta herriko kaleetatik igaroko da. Euskararen alde korrika egingo dute Udala osatzen duten duten alderdi politikoak, eskola eta guraso elkartea, herriko kolektibo, elkarte, kirol taldeak.

Egitaraua 

Martxoaren 24an, 14:30ean, UEMA elkarteak “Nola eragin seme-alaben hizkuntza ohituretan” izeneko tailerra eskainiko du. Tailerrak familia giroan euskararen erabilera bultzatzeko ideiak eta tresnak emango ditu. Martxoaren 27an, berriz, Korrika Txikia ospatuko da, 15:00etan, haurren parte-hartzea sustatzeko helburuarekin. Ondoren, 16:00etan, txokolatada izango da, eta eguna amaitzeko, 18:30etik 20:00etara Gauargi erromeria izango da, musika giroa sortuz.

Larunbatean, martxoak 28, egitarauko egun nagusia ospatuko da Mallabian. Hasteko, 17:30ean, talo-ikastaroa izango da,  eta 19:00etan triki-poteoa izango da Joanes Illarregi eta Eneritz Artetxe bertsolarien eskutik. Jarraian, 20:30ean mokadutxoa egingo da, eta 22:40ean Korrika hartuko du Mallabiak, herriko kaleetan zehar egingo den erreleboarekin.

Martxoaren 29an, 11:00etan, Multikirola ekitaldi bat izango da, eskolako frontoian, eta euskararen erabilera sustatzeko beste jarduera batzuk ere izango dira, hala nola 16:00etan euskarazko filma proiektatuko da Kontzejuzarrean. Eguna amaitzeko, 17:30ean, Bingo berezi bat antolatuko da eta 18:00etan Mahai-jokoak izango dira.

Kultur-programa honen bitartez Mallabiak bat egiten du 2026ko Korrika ekimenarekin, eta herritarrei eta taldeei euskararen erabilera eta normalizazioa sustatzen jarraitzeko deia egiten die.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top