DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Kings-aren sukarrak darrai

Iñaki Bidarte, futbol koadrilen arteko txapelketaren jokalaria

Iñaki Bidarte.

IRITZIA | Bi liga erregular. Bi kanporaketa fase. Bi final. Bi garaile desberdin. Bi galtzaile desberdin. Bi finalak galdu dituen baten bat ere badago, jokatu gabe gainera… Aurten zer tokatzen da? Auskalo, batek jakin, ikusteke. Emozioz betetako lagunarteko lehiaketa honek bere hirugarren edizioa hasiko du igande honetan, ostiralean liga ofizialaren aurkezpenak Durangoko kaleak kolorez bete ostean. Zero 2.0 tabernan hasi eta Gure Kabiya tabernan amaituta, aurkezpenean 13 talde iragarri dira, haietako batzuk hasiberriak, nor baino nor gogotsuago, aurtengo garaikurra poltsikoratzeko asmoarekin. Talde batzuk arrakastaren eztia dastatu dute, beste batzuk garaipenaren ateetan gelditu dira, eta itxaropenez betetako talde berri batzuk ere daude guda asko emateko intentzioarekin, lehenago esan bezala. Bere horretan aurten haien urtea izango delakoaren konfiantzaz beteriko taldeak ere aipatu behar dira, haiek egiten baitute liga honek jarrai dezan.

Argi dagoena da aurtengoa aurreko urteekin alderatuta desberdina izango dela zentzu askotan. Alde batetik, antolakuntzaren arloan ligaren berezko kalitatea hobetzeko lanetan buru-belarri ibili dira antolatzaileak iazko txapelketa amaitu zenetik, beharrezko prestaketa denboraz eginez. Aurreko urteetako akatsak ez errepikatzea izan dute helburu, bai berdegunean partiduetan zehar gertaturiko “istripuak” eta bestelakoak, bai antolaketaren bulegoetan eta babesleekin izan diren arazo ezberdinak ere. Ejem, ejem… Bestalde, igandeak lagun artean igarotzeko eta futbolaz disfrutatzeko eratu zen liga honek jende gehiago erakarri du eta horregatik koadrila ezberdinetako taldeak eratu dira, bai eta futbolaz gozatzeko elkartu diren pertsonak ere. Azken honek, ligako lehiakortasunaren mailari bultzadatxo bat eman dio eta orain partidu biziagoak, eta ikusle neutroarentzat erakargarriagoak, izango ditugu udaletxeak belar artifiziala aldatzeko asmoa duen zelai horretan. Tabirako harmaila imajinarioetan gero eta jende gehiago biltzeaz gain.

Asteburu asko daude lehiaketa honen garailea zein talde izango den jakin aurretik, baina parte hartzen duten guztiak, jokalariak, senideak eta lagunak, azken bi hauek ere zati garrantzitsu bat baitira, gauza batetaz ziur daude: irabazi edo galdu urte polita izango da datorren hau, liskarrik egon ezean, noski. Trofeoa eskuratzeko intentzioaz gain, jendea hemendik aurrera igandeetan ondo pasatzeko asmoarekin eratutako liga honetan barrena murgilduko da asteburu honetan, non futbolak zati garrantzitsu bat izango duen, baina ez osoa. Taldeko poteo, bazkari, afari, partidu aurreko kafea, partidu osteko tragoak, partiduen planifikazioa, entrenamenduak… horiek dira benetako lorpena. Sari nagusia soilik batek lortuko du etxera eramatea, finala irabaztea, alegia, baina bidean ez baldin bada ondo pasatzen gutxirako balioko du azken partidua irabazteak.

Ilusioak jabea du, garaikurrak oraindik ez. Zorte on guztioi eta zelaietan emango diogu elkarri egurra!

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top