Abizen berri bat gaur eta hemen kokaturiko eleberri bat izango da
BERRIZ | Julen Apella Santamaria idazle berriztarrak irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dituzten Augustin Zubikarai nobela beka saria. Aurkezturiko ia hogei lanen artean, Abizen berri bat izenekoa aukeratu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak, eta, horrenbestez, Apellak eroango du zortzi mila euroko saria. Honekin batera, Elkar argitaletxearen eskutik nobela ere argitaratuko du, hemendik urtebetera, orain proiektua dena amaitutakoan. Saria atzo arratsaldean eman zion, Ondarroako Kofradia Zaharrean, Literatur Amuak jaialdiaren barruan.
Abizen berri bat gaur eta hemen kokaturiko eleberri bat izango da, gazte batzuen harremanetan eta noraezean zentratua. Jokin eta Felix lagunak dira, biak ari dira karrera amaitzen, baina oso desberdinak dira izaeraz, eta oso bestelakoak dituzte familia eta klase soziala ere bai, etorkizunari begiratu eta harreman berriei heltzerakoan dakarren guztiarekin. Lanaren anbizio linguistiko zein intelektuala azpimarratu du epaimahaiak irabazlearen dohainak zehaztean.
Julen Apella Santamaria (Berriz, 1998). Euskal ikasketetan graduatua da, eta Literatura Konparatua eta Literatur Ikasketak masterrak egina. Orain arte poesia-liburu bat kaleratu du: Postal bat desertuan, DK sariaren irabazlea.