Bide publiko horiek konpontzeko 48.272,67 euroko partida erabiliko da eta obrek bi hilabeteko epea dute

IURRETA | Udalak udalerriko bost bide publiko konpondu eta egokituko ditu, eta horietako baten abiadura murrizteko sistema bat jarriko du.
Egokitu nahi diren bideak baserrietara eta nekazaritza eta abeltzaintza intentsitate handiko landa-eremuetara iristeko bideak dira. Hauek Goiuria (Agirretxebarria), Arriandi (Telleriaetxebarria eta Telleria) eta beste bi San Andresen (Kukutzaetxebarria eta Kukutzazarra) daude. Gaur egun, bide horiek kontserbazio-egoera txarrean daude, eta zaildu egiten dute alde batetik pertsonen zein ibilgailuen ohiko joan-etorria, eta bestetik nekazaritzako eta abeltzaintzako jarduerak normaltasunez garatzea, bai eta bidezidor homologatuen parte diren eremu horietan aisialdia egitea ere.
Arriandiko industrialdean
Bestalde, Arriandiko industrialdean dagoen bosgarren bide batean (Eubabaso) ibilgailu astun eta arinen joan-etorri trinkoa gertatzen da, eta batzuetan abiadura handian ibiltzen dira, bertatik igarotzen diren pertsonentzat arriskua sortuz. Hori dela eta, inguruan trafikoa berrantolatzeaz gain, abiadura-murriztaile bat jarriko da.
Beraz, konponketa-obrek zoruaren ertzak eta azalera garbitzea, fresatzea eta nahasketa bituminosoa beroan aplikatzea eta Arriandin abiadura-murriztaile bat instalatzea ahalbidetuko dute.
Guztira, bide publiko horiek konpontzeko 48.272,67 euroko partida erabiliko da, eta obrek bi hilabeteko epea dute.