DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Inkestatutako %90,6k babestu du Tabirako igerilekuetarako hiri-busa jartzea

312 pertsonak parte hartu duten kontsulta publikoaren ondoren, zerbitzua doakoa izatea edo prezio sinbolikoa izatea proposatu dute

Herritarren ekarpen guztiak aztertuko dira zerbitzuaren ordenantza arautzailea definitzeko eta prezio publikoa ezartzeko.

DURANGO | Udalak amaitu du udako hiri-autobusa arautzeko ordenantza eta haren prezio publikoa zehazteko kontsulta publikoko prozesua. Otsailaren 3tik 18ra bitartean, 312 herritarren ekarpen jaso dira Partehartu udal plataformaren bidez, baita Adinekoen Zentroan eta Andragunean ere. Datu nabarmenetako bat inkestatutako pertsonen %90,6k adierazi du udako hiri-autobusa erabiliko lukeela erabilgarri egonez gero, eta %9,4k, berriz, ez lukeela erabiliko izan da.

Kontsultan 244 pertsonak parte hartu dute ordenantzaren atalarekin lotuta, eta 68k prezio publikoari buruzkoan. Parte-hartzaileen gehiengoa 40 eta 49 urte bitartekoa da (23,6%), eta San Roke-Aramotz auzoko bizilagunen parte-hartzea nabarmena izan da (%19,4). Gainera, emakumeen ordezkaritza handiagoa izan da, inkestatuen %67,9 emakumezkoak baitira.

Gaur egun, Tabirako igerilekuetara doazen herritarren %46,2 autoz joaten da, eta %45,7 oinez, honek garraio publiko alternatibo baten beharra azpimarratzen du.

Eskatutako ordutegirik erabilienak honako hauek dira:

  • Igerilekuetarako joan-etorriak: 16:00 eta 18:00 artean.
  • Etxerako itzulerak: 18:00 eta 20:00 artean.

Prezioari dagokionez, inkestatutako pertsonen %60k uste du autobusa dohakoa izan beharko litzatekeela edo 60 zentimotik beherako prezio sinbolikoa izan beharko lukeela. Gainera, %40k ordainketa Barik txartelarekin edo metodo elektronikoekin egitea proposatzen du.

Mugikortasun jasangarri eta inklusiboa

Zerbitzu honen helburua Durangoko mugikortasuna hobetzea da, bereziki adineko pertsonentzat eta mugikortasun urriko herritarrentzat. Inkestatutako gehienek (%69) adierazi dute beren bidelagunak ez duela laguntza behar, eta %93,5ek berak ere ez duela laguntzarik behar. Hala ere, %13k nabarmendu du autobusa irisgarria izatea ezinbestekoa dela, zerbitzu inklusiboa bermatzeko.

Gainera, ekimen honek ibilgailu pribatuaren erabilera murriztea du helburu, garraio jasangarriagoa eta ingurumena gehiago errespetatzen duen eredua sustatzeko.

Herritarren ekarpenek zerbitzuaren diseinuan kontuan hartu beharreko hainbat alderdi azpimarratu dituzte:

  • %35ek ibilbidea zabaltzea eskatzen du, auzo periferikoak eta udalerriaren puntu nagusiak konektatzeko.
  • %23k zerbitzua urte osoan egotea proposatzen du, ez soilik udan.
  • %7k maiztasun egokiak eta ordutegi optimizatuak bermatzearen garrantzia nabarmentzen du.

Lortutako emaitzak kontuan hartuta, Udalak herritarren ekarpen guztiak aztertuko ditu zerbitzuaren ordenantza arautzailea definitzeko eta prezio publikoa ezartzeko. “Helburua hiriko garraio eraginkor, irisgarri eta jasangarria diseinatzea da, autobusen erabilera sustatzeko eta herritarren beharretara egokitzeko. Durangok mugikortasun inklusiboago eta iraunkorrago baterantz jarraitzen du aurrera, eta bere herritarren ahotsa erdigunean jarriko du erabakiak hartzeko prozesuan”, adierazi du gobernu taldeak.

Zerbitzu pilotu honen abiaraztea EAJ-PNV eta PSE-EE udal gobernuak PPrekin adostu zuen, 2025eko Aurrekontuen negoziazioaren baitan.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top