Goizaldetik arratsaldera bitartean, Errebonbilloen alardearen ikuskizunaz gozatuko dute herritarrek
ELORRIO | Urriaren 6an berriro entzungo dira Errebonbilloetako alardearen doinuak kalean goizeko lehen ordutik, egitarau tradizional eta bereziari hasiera emanaz.
Izan ere, goizeko bostetan hasiko dira Errebonbilloak udaletxean jaurtigairik gabeko munizioak botatzen, euren txano, frak eta txorrerak soinean. Jarraian, kaleetan zehar ibiliko dira tiroka, eta, indarrak berreskuratzeko, alkateak gosarira gonbidatuko ditu ondoren.
Lau mende baino gehiago dituen ohitura hau kirol eta kultur ekintzekin borobilduko da, ohi bezala. Hala, 11:00etan, Nesken Gomazko Paleten Zirkuituko partidak jokatuko dituzte kiroldegiko Hilario Azkarate frontoian. 11:30ean, berriz, Basilikako Koruak girotutako meza ospatuko da, ohi bezala, eta ostean, 13:00etan, Durangaldeko Jaizale Txistulariek kontzertua emango dute herriko plazan, beste musikari batzuekin batera.
Azkenik, arratsaldeko bostetan, Elorrioko Errebonbilloek Errosarioko Amabirjinari lagunduko diote prozesioan, eta herritarrekin batera soka-dantza dantzatuko dute plazan.