Hainbat udal-instalazioetan erabiltzeko aukera emango du, hala nola kiroldegia, liburutegia eta adinekoentzako taxi-zerbitzua

DURANGO | Udalak kontsulta publiko berria abiatu du, herritarrek etorkizuneko Herritar Txartelari buruz duten iritzia jasotzeko. Sistema berri honek udal-zerbitzuetara sartzea errazagoa eta erosoagoa bihurtuko du. Kontsulta gaurtik, martxoak 17, egongo da eskuragarri www.partehartu.durango.eus webgunean, eta herritarrek martxoaren 31ra bitarte parte hartu ahal izango dute.
Herritar Txartela formatu fisikoan zein digitalean egongo da eskuragarri, eta hainbat udal-instalazioetan erabiltzeko aukera emango du, hala nola kiroldegia, liburutegia eta adinekoentzako taxi-zerbitzua. Horrez gain, hondakin organikoen edukiontziak ireki ahal izateko balioko du. Sistema honen bidez, txartel anitzen beharra murriztu eta udal-zerbitzuen digitalizazioa eta irisgarritasuna hobetzea da helburua.
Kontsulta publikoaren bidez, Udalak etorkizuneko ordenantzari buruzko iritziak jaso nahi ditu. Hainbat gai jarriko dira eztabaidagai: txartelaren erabilgarritasuna, haren erabilera arautzeko beharra, jaso beharreko zerbitzuak eta herritarren bestelako proposamenak. Erantzunak modu errazean eman ahal izango dira webgunean, eta iruzkinak egiteko tarte bat ere eskainiko da.
Kontsulta amaitutakoan, jasotako ekarpen guztiak aztertu eta ondorioen txosten bat egingo da. Txosten hori webgunean argitaratuko da, betiere ekarpenen anonimotasuna bermatuz. Ondoren, ordenantza behin betiko idazteko erabakia hartuko da.
Durangoko Udalak herritar guztiak, elkarteak eta interesa duten erakundeak parte hartzera animatzen ditu, herritarren beharretara egokitutako araudia eraikitzeko.