Maximoak leunak izango dira, eta 20 gradutik gorakoak astearen erdialdera arte

EGURALDIA | Azaroko lehen astea nobedade handirik gabe iritsiko da. Ostarteak, euri gutxi, tenperatura leunak eta haizetsuak izango dira.

Astelehena, hego haizea
Astelehenean haizeak hegoaldetik joko du; orduak pasa ahala indartuz joango da, bolada oso gogor batzuekin egunaren amaieran. Arratsaldean kostaldean brisa ibiliko da. Hego-haizeari esker, tenperatura maximoak igoko dira leku gehienetan; zerua garbiagoa egongo denez, minimoak baxuagoak izango dira. Giro eguzkitsua nagusi, goi-hodei batzuk agertu arren. Egunaren hasieran iparraldean behe-hodeiak agertuko dira, barnealdean lainoa eta lanbroa.
Martitzena, haizetsu
Astearteko eguraldiak hego haizea izango du ardatz. Hego-ekialdeko haizeak zakar joko du, batez ere ekialdean dauden haizeguneetan. Haize horri esker, egunsentia epela izango da, bereziki kostaldetik gertu eta eguneko tenperatura ere, gauden sasoirako, epela izango da. Kantauri isurialdean 20 ºC-tik igoko da tenperatura. Erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak agertuko dira eta zeruari zurixka kolorea emango dioten arren, ez dute garrantzizko ondoriorik ekarriko.



