DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

¡Hartzea ematea DA!’ lemapean aurkeztu da 59. Durangoko Azoka

Abenduaren 5etik 8ra, euskal kulturaren hartzaile premiari erantzuteko ahalegina egingo du Durangoko Azokak
Aurtengo edizioa iragartzeko kartela Udatxo eta Balu artistek sortu dute, eskurik esku eta prozesu berezi batekin

59. Durangoko Azokaren leloa eta kartelaren aurkezpen ekitaldia.
59. Durangoko Azokaren leloa eta kartelaren aurkezpen ekitaldia.

DURANGO | 59. Durangoko Azoka badator eta abenduaren 5etik 8ra ospatuko den edizio berriaren irudia eta leloa aurkezteko prentsaurrekoa egin dute gaur. «Jakin badakigu euskarazko sorkuntza oso aberatsa dela, baina ez dauka nahikoa hartzaile bere herrian. Hor dago premia momentu honetan eta Durangoko Azokak horri erantzuteko ahalegina egingo du. Azokara etortzea, ikustea, hartzea… kulturgintzari hauspoa ematea ere badelako. Kultura ispilu bat da; irakurtzea idaztea da, entzutea kantzatea da, ikustea antzeztea da, aditzea pentsatzea da, egotea egitea da… Hartzea ematea DA!», adierazi du azokaren koordinatzaile Beñat Gaztelurrutiak.

Hartzea ematea DA! izango da 59. Durangoko Azokaren lema eta hautatzeko zergatiak esplikatu ditu Gaztelurrutiak. Kultura jasotzea, gizarteari bueltan emateko bide bat dela aipatu du, eta euskaraz jasotzen den kulturak, euskaraz eta euskara indartsuago batean bizitzen lagunduko digula ere bai. Gainera, euskal kulturak bizi duen egoerari erreparatuta, kulturazale edo hartzaileen ekarpenari balioa eman dio. Zentzu horretan, euskal kulturaren hartzaile premiari erantzuteko ahalegina egingo du Durangoko Azokak. «Euskal kulturgintzako komunitatea pozten denean Durangoko Azokako antolakuntza ere poztu egiten da. Eta premiak dituenean, gu ere kezkatu egiten gara. Horregatik saiatzen gara azoka on bat antolatzen, badakigulako azoka birika bat izaten dela, eta ez birika sinbolikoa soilik», aurreratu du koordinatzaileak.

Bestalde, aurtengo lema irudiz janzteko ardura egile biren arteko elkarlanetik jaio da, Udatxo eta Balu artisten sormenetik. Collage erako lanean, euskal kulturaren erreferentzi diren irudien eta azokako aurreko edizioetako kartelen zatiak itsatsi dituzte; atzoko sormenetik hartuz, gaurko artelan berri bat emateko.

Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidentearen berbetan «hasierako ametsak marrazten joan gara urteotan guztiotan, eta begira zelako irudia sortu dugun: koloretsua, anitza, indartsua eta ederra, benetan ere. laz esaten genuen bezala, fantasia hutsa. Hala ere, euskarak oraindik badu lan horren beharra, eta Gerediaga elkartetik ekinean jarraitzeko asmoa dugu, euskarak ez baitu trabarik eta epairik behar, guztiok kabitzeko moduko bide zabalak baizik». Eta ibilbide luze horretan ezin ahaztu Jon Irazabal, 30 urtez azokaren zuzendari izandakoa. «Ondare itzela utzi digu Jonek, eta aurtengo azokan gogoan izango dugu», azaldu du Gerediagako elkarteko presidenteak.

Gaur egun Durangoko Azoka indartsu bat izateagatik pozik agertu da, baina oraindik lanerako beharra dagoela argitu du eta kultugintzari hauspoa emateko helburuarekin Durangoko Azokaren antolaketa aurrera doa. Sortzaileek egitaraurako proposamenak bidaltzeko aukera izan dute, eta orain guneetako arduradunak egitaraua osatzen ari dira. Abenduaren 5ean 10.30ean zabalduko da azoka, eta Landako Guneko erakusketaz aparte, nobedadeen aurkezpenak, solasaldiak eta tailerrak egongo dira lau egunez.

Prentsaurrekoan, Gerediaga elkarteko eta azokaren guneetako arduradunez gainera, erakunde babesle eta kolaboratzaileetako ordezkariak ere egon dira. Hala nola, Durangoko Udala, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, BBK Fundazioa, Eroski, Euskaltel Fundazioa, Konfekoop eta EITB.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top