DOT Durangaldea

Galiziako, Flandriako, Amazigheko eta Euskal Herriko doinuak urrian Galdakaon

Kalakan eta Xiberoots arituko dira Euskal Herriaren izenean Iturrondon eta nazioartetik Enbrum, Agraf eta Faltriqueiras etorriko dira

Jaialdia urriaren 30ean eta 31n izango da

GALDAKAO | Urriaren 30ean eta 31n izango da jaialdia. Ohi bezala, kale animazioak eta luthierrek ere ez dute hutsik egingo. Nazioarik gabeko herrialdeen topaleku izango da, beste urte batez, Galdakao. Izan ere, Andra Mari Eusko Dantzari Taldeak ‘Musika Bizian’ jaialdiko 12. edizioa egingo du urriaren 30ean eta 31n, Galdakaoko Udalaren laguntzarekin. 

Ohi bezala, hainbat naziotatik etorritako taldeak igoko dira Iturrondo plazako oholtzara. Galiziako Faltriqueiras taldeak emango die ostiraleko kontzertuei hasiera, eta horien ostean Kalakan euskaldunak izango dira, 21:30etik aurrera. Larunbatean, Flandriako Enbrum, Amazigheko Agraf eta Zuberoako Xiberoots taldeek jarriko diote musika gauari, 21:00etatik aurrera.

Kontzertuez gain, aurten ere ez du hutsik egingo Taberna Ibiltariak eta euskal kantutegiaren errepasoa egingo du bariku arratsaldean; zapatuan, Iruñeko Ortzadar Fanfarrea arduratuko da kaleak animatzeaz.

Musikari artisauak eta luthierrak ere ez dira faltako hamabigarren edizio honetan, eta 31 eguerdian azoka tradizionalaz eta musika erakusketaz gozatu ahal izango da. Umeentzako tailerrak ere antolatuko dira larunbat arratsalderako, eta, bi egunetan, afarirako eta edanerako aukera izango da.

‘Musika Bizian’ 

Urtero bezala, ‘Musika Bizian’ jaialdiak nazio eta hizkuntza zapalduen bozgorailu izan nahi du. Halaber, beste herrialde batzuetako musika, kultura eta hizkuntza erakustea da jaialdiaren bereizgarria.

‘Musika Bizian’ Andra Mari Eusko Dantzari taldeak 2014. urtean sortutako nazioarteko jaialdia da; estaturik gabeko herrialdeen artekoa, hain zuzen. Andra Mariren helburuetako bat betidanik izan da euskal kultura plazaratzea; horretan dihardu oraindik orain, baina munduan egon badaude Euskal Herriaren egoera bertsuan dauden herri eta aberriak; hortaz, horiei ikusgarritasuna emateko, finean, Euskal Herriaren antzeko egoeran dauden munduko beste herrialde batzuetako musika, hizkuntza eta kulturak erakusteko, antolatu zen 2014. urtean ‘Musika Bizian’ jaialdia.

Hizkuntza eta kulturgintza gutxiagotuetako herrialdeetako musika jaialdia izanik, munduko kultura-aniztasuna islatu nahi du ‘Musika Bizian’-ek. Globalizazioak musika entzuteko modua irauli duen garaiotan, nazioarteko musika gure herrian bertan entzuteko aukera paregabea da jaialdia; hegemonikoak ez diren hizkuntza eta kulturengandik ikasteko aukera.

Faltriqueira 

Pontedeumeko (Galizia) bost emakumek osatzen dute taldea. Ahotsa da taldearen tresna nagusia, panderoez lagunduta. Faltriqueira taldeak errespetu handia dio Galiziako musika tradizionalari eta 2002. urtean argitaratutako diskoan hainbat euskal musikarik hartu zuten parte, hala nola Oskorrik edota Kepa Junkerak. Taldearen ardatza musika tradizionala bada ere, ibilbide osoan mota askotako proiektuetan murgildu dira.

Kalakan 

2009. urtean Hendaian sortu zen taldeak euskara du ardatz, eta kantu tradizionalean oinarritzen da; era berean, kantu herrikoien moldaketa minimalistak egitea da haien berezitasun aipagarriena.

Kalakan taldearen musikan perkusio tresnak eta ahotsak dira nagusi. Musikaren oinarriak erabiliz, kideen asmoa da harreman zuzenagoa aurkitzea entzuleen artean. Kantu herrikoiei gaurkotasuna ematen diote, horretarako kantu zaharrei erritmoak emanda, edo pop eta rockaren kopla-leloak erabilita, adibidez.

Enbrum 

2003an Flandrian sortutako folk talde indartsu honek Europako eszenan oihartzun handia du. Bost kideko motor musikal honen ezaugarri nagusia tradiziozko doinuak XXI. mendeko erritmo progresibo eta modernoekin uztartzea da. Euren zuzenekoak oso ezagunak dira alderdi dantzagarri, bizi eta kementsuagatik. Gainera, une gogorrenak eta pasarte intimoenak bikain orekatzen dituzte. Urteetako eskarmentuari esker, ikusleak erraz bereganatzen dituzte plazan zein jaialdietan.

Agraf 

Rif eskualdean sortu zen taldea amazigh kulturakoa da. Rifeko doinu eta musika tradizionalak folk eta rock garaikidearekin uztartzen dituzte, eta euren abestiak riffian dialektoan (tarifit hizkuntzan) izaten dira, askatasunari eta giza duintasunari buruzko mezu sozial eta solidarioekin.

Xiberoots 

Euskal Herria eta euskara dira talde zuberotarraren izatearen abiapuntua. Pixkanaka pixkanaka musikari bakoitzaren eraginak taldearen musika estiloa aldatu du, betiere hasierako asmoari eutsia: euskara hedatzea reggaearen bidez. Euren zuzeneko festazale eta aldarrikatzaileei esker, indar handiko taldea da gurean. Hein handian zubereraz abesten dute eta euskalkia bera aldarrikatzeaz gain, belaunaldi berrientzako tresna bizi eta moderno gisa erabiltzen dute Musika.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top