DOT Durangaldea

Gilda izango da Abanto Zierbenako XII. Meatzari Pintxo Lehiaketako protagonista

Hamasei establezimenduk hartuko dute parte azaroaren 21ean, 22an, 28an eta 29an egingo den lehiaketan

Aurten, 16 ostalaritza-establezimenduk hartuko dute parte

ABANTO-ZIERBENA | Gilda izango da Abanto Zierbenako XII. Meatzari Pintxo Lehiaketako protagonista. Lehiaketa bi asteburutan egingo da: azaroaren 21ean eta 22an, eta 28an eta 29an. Udaleko Ekonomia Sustapen, Merkataritza eta Turismo Sailak antolatu du, ACHA udalerriko merkatarien eta ostalarien elkartearekin elkarlanean. Aurten, 16 ostalaritza-establezimenduk hartuko dute parte, aurreko edizioan baino lauk gehiagok.

Pintxoak 12:30etik 15:00etara dastatu ahal izango dira, bi euroko prezioan. Honako hauek dira parte hartuko duten establezimenduak: Aliron, Bar Argia, Bar Casa del Pueblo, Bar Donde Nere, Bar Haritzalde, Bar J.R, Bar J2, Bar Jubilados Sanfuentes, Bar Las Postas, Bar Mai Gau Txori, Bar Meatza, Batzoki Gallarta, Cafetería Arlea, Enparantza Taberna, La Bodeguita de Gallarta eta Muleke.

Hiru kidek osatutako epaimahaiak baloratuko ditu lehiaketako proposamenak: Eva Anía Blesa gastronomia-edukien sortzailea, sare sozialetan @gourmetbilbao izenez ezaguna; Jagoba Santiesteban, Balmasedako Geo lokaleko arduraduna; eta Joseán Cruz Mancheño, Bilboko Bikandi jatetxekoa.

Bost euroko bonua

Pintxo-ibilbidea egiten dutenek zortzi zigilu biltzeko txartela eskuratu ahal izango dute. Zortzi establezimendu desberdinetako zigiluak lortu eta txartela Tokiko Garapen Agentzian entregatzen dutenek bost euroko bonua jasoko dute, lehiaketan parte hartzen duten lokaletan erabiltzeko.

50 euroko zozketa

Herritarrek ere beren pintxo gustukoena aukeratu ahal izango dute, proposamen bakoitzari 0tik 10era bitarteko puntuazioa emanez. Horretarako, boto-paperak bete eta parte hartzen duten establezimenduetan jarritako hautestontzietan utzi beharko dituzte.

Botoa ematen dutenek izen-abizenak, telefono-zenbakia eta NAN zenbakia adierazi beharko dituzte. Bozketa egiten duten guztien artean 50 euroko sari bat zozkatuko da.

 

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top