Obra honi esker, hamabi etxebizitzatara eta ukuilu batera eraman da ur hornidura

ABADIÑO | Abadiñoko Udalak aurrerapauso garrantzitsua eman du herri osoan sareko ur hornidura jartzeko konpromisoan. Izan ere, amaitu dira Gerediaga auzoan sarea handitzeko lanak. Guztira, 264.931 euro bideratu dira obra honetara (BEZ barne).
Proiektuaren %52 Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailetik jasotako dirulaguntzarekin finantzatu da.
Joan den urteko azaroan hasi ziren lanak, plangintza zehaztu ostean. Besteak beste, ur-hornidurako hoditeria instalatu eta etorkizunean farolak jartzea errazteko hoditeria prest utzi dute.
Orain arte, Gerediaga eta Irazola auzoak eta baserri isolatu batzuk ziren Abadiñoko ur sare orokorrera konektatu gabe zeuden bakarrak. Hala, obra honi esker, hamabi etxebizitzatara eta ukuilu batera eraman da hornidura. Etxebizitza horietako bat Iurretako udalerrian dago kokatuta eremuz, eta udal biek akordioa egin zuten Iurretak etxebizitza hori hornitzearen kostua bere gain hartu dezan.
Rafa Bilbao Baserri auzo eta Basoetako zinegotziak adierazi duenez: “Esku-hartze honekin, udal gobernuaren helburu garrantzitsuenetako bat betetzeko bidean aurrera egiten jarraitzen dugu: abadiñar guztiek ur-hornidura bezalako oinarrizko hornidura euren etxebizitzetan izatea bermatzea”.