DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Garaitarrek Lantziegora bidaiatu dute larunbat honetan, senidetzea berritzeko

2023an, bi udalek harremanei berrekitea erabaki zuten, eta 2024an Lantziegoko bizilagunak Garaira hurbildu ziren

Pasa den urtean, Lantziegoko herritarrak Garaira hurreratu ziren

GARAI | Garaiko eta Lantziegoko udalak 2013. urtean senidetu ziren, bi udalek berariaz hartutako erabaki eta sinaturiko akordioen bitartez. Hori horrela, urte batean, Garaiko herritarrak Lantziegora eta, hurrengoan, Lantziegokoak Garaira hurreratzen dira, senidetzako akordio hori urtero-urtero berrituta. Bi herrien arteko senidetasun-erabaki horren ikurrak ditugu Garaiko San Migel elizaren ondoan landatutako artea, mugarria eta mahastia.

2020 urtean, zorigaiztoko pandemia tarteko, eten egin zen harreman-bide hori. Hurrengo bi urteetan ere ez zen halakorik egin. 2023an, ostera, harremanak berreskuratzeko hautua egin zuten bi udalek. Pasa den urtean, Lantziegoko herritarrak Garaira hurreratu ziren.

Aurten, maiatzaren 10ean, larunbatarekin, garaitarrak hurreratuko dira Arabako Errioxara, Lantziegora, hain zuzen. Garaitarrek autobusa hartzeko hitzordua finkatu dute larunbat honetan, 07:45ean. Lantziegoko herritarrek harrera egingo diete 09:45ean, Kuartelaren plazan. Ondoren, zeltiberiar urmaela bisitatuko dute. 11:30ean, Lantziegoko herritarrek eskainitako hamaiketakoa hartuko dute. Segidan, Lantziegoko kaleetan barrena ibiliko dira eta 15:00etan Lantziegoko frontoian batuko dira guztik, herri-bazkaria egiteko.

Senidetzeari lotutako jarduerak 19:30ean amaituko dira. Antolatu diren ekitaldien esparruan, ohikoa den gisan, senidetutako herrietako kideek talde-argazkia aterako dute Garaiko artea eta Lantziegoko Udalaren ezaugarriak ezarrita dauden parkean.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top