Guztira, 21 kale-argi edo farola eta hainbat detektagailu aldatu dira

GARAI – Garaiko Udalak argiteria publikoa berritzeko lanak egin ditu San Migel auzoko eremu batean. Guztira, 21 kale-argi edo farola eta hainbat detektagailu aldatu dira, eta jarduketa honek 10.600 euroko inbertsioa suposatu du.
Berritu den tarteak herriko hainbat azpiegitura garrantzitsu hartzen ditu barne; hala nola, frontoia, kultur etxea, kirolgune berria, San Migel eliza, Garaiko landetxea, hilerria, oinezkoentzako ibilbidea eta inguruko aparkalekua.
Udaletik azaldu dutenez, inbertsio honek hiru helburu nagusi ditu:
-
Segurtasuna bermatzea: Argi nahikoa egon dadin, herritarrak zein bisitariak eremu horretan gauez era seguruan ibili ahal izateko.
-
Eraginkortasuna eta aurrezpena: Duela hainbat urte instalatutako sistema zaharkitua kendu eta sistema efizienteago bat ezarri da, energiaren kontsumoa gutxitzeko.
-
Ingurumena zaintzea: Argi-kutsadura murriztea lortu nahi da; horretarako, beheko aldea ahalik eta ondoen argiztatuko da, baina zerurantz igortzen den argitasuna apalduz.
Lan hauen bidez, Garaiko erdiguneko auzo honek azpiegitura modernoagoa, jasangarriagoa eta seguruagoa izango du hemendik aurrera.


