Guztira, 17 dira herrira hurreratuko diren ekoizle, artisau, zein landara edo lorazaintza enpresak euren produktuak zuzenean saltzera

GARAI | Udalaren eta Urkiola Landa Garapenerako Elkartearen eskutik, Garaiko XII. Landara eta Lorazaintza Azoka egingo da datorren larunbatean, apirilaren 19an. Orain dela hamahiru urte jaio zen azoka honek izan duen arrakasta handia berritu nahi du aurten betetzen duen hamabigarren edizioan, giro jator eta herrikoian murgilduta, landara eta lorazaintza arloan herriko eta kanpoko zaleen topalekua izanik.
Egun horretan Garaiko herrira gerturako diren azokazaleek Euskal Herri osoko Mintegien landareak/loreak, lorazaintzako lanabesak eta baserriko tresnak ikusteko eta erosteko aukera izango dute. Mintegiek eta Lorazaintza enpresek euren produktuen ezaugarrien berri emango diete erosleei eta horien beharrizanen gaineko aholkuak emango dizkiete aurrez aurre.
Garaiko landara eta lorazaintza azokan ikusgai eta erosgai egongo diren produktuak: Landare apaingarriak, zuhaixkak, kaktusak, landare haragijaleak, baratzerako Euskal Herriko hazi eta landara ekologikoak, landara txikiak, lorazaintza lanabesak, egurra eta loreak uztartzen dituzten artisauak, eta baserriko tresnak izango dira, besteak beste.
Bestalde, eskualdeko 3 baserritarrek Durangaldeko baserriko produktuak dastatzeko eta erosteko aukera eskainiko dute. Azokan erosgai egongo diren produktua, besteak beste, ondokoak izango dira: gazta, baserriko ogia, gozoak, garagardoa eta kontserbak. Gainera, bertoko produktuekin prestatutako taloak eta edariak eskainiko dituen txosna jarriko da azoka-esparruan.
Aurten ere erosketak gordetzeko zaindegia edo kontsigna-zerbitzua egongo da, Garaiko San Migel Nagusien Elkartearen eskutik. Azokazaleek zaindegi batean gorde ahalko dituzte erosketok, azoka giroaz gozatzeko eta etxera joateko momentuan, erositakoa hartuko dute zaindegian uztean emandako txartela aurkeztuta. Azokako gunearen barruan, erosketak kontsignara eramateko laguntzaileak egongo dira.
Zerbitzu hori baliatzen duten erabiltzaile guztien artean, Durangaldeko ekoizleen produktuen otzara baten zozketa egingo da. Zozketaren irabazleak Durangaldeko ekoizleen “ETARTIE” dendan jasoko du otzara baserritar baten eskutik.
Apirilak 19an izango den XII. Garaiko Landara eta Lorazaintza azokaren ordutegia goizeko 10:00etatik eguerdiko 15:00ak artekoa izango da.
Azoka guneak musika-doinuz alaituko dira eta, horrez gain, Garaira hurbiltzen den jendeari gune aproposa prestatuko zaio eguna igarotzeko. Guztira, 17 dira herrira hurreratuko diren ekoizle, artisau, zein landara edo lorazaintza enpresak euren produktuak zuzenean saltzera, besteak beste:
- 12 landare/lore enpresa: lorategi, lore apaingarriak, fruta landareak, orturako landareak, fruitu txikiko landareak…
- Eskuko tresnak.
- Egurra eta loreak uztartzen dituen bi artisau.
- Gaztagile bat.
- Txosna bat.
- Okin eta gozogile bat.
- Kontserbak eta garagardo ekoizle bat.
Garaiko Udalak eta Urkiola Landa Garapeneko Elkarteak esker ona eman gura diete antolakuntza aurrera eroaten lan eskerga egiten duten eragile guztiei, besteak beste, Garaiko San Migel Nagusien Elkarteari, udaleko lantaldeko langileei, eta herriko boluntarioei, aurreko egunetan eta bereziki egun horretan egiten duten lanagatik.
Informazio honekin batera, Garaiko Landara eta Lorazaintza azokara etortzeko gonbita helarazi nahi dugu. Eguraldiak lagun, egun zoragarria izan dezagun.


