Batzar irekia arratsaldeko 19:00etan izango da udaletxean

GARAI | Batzar irekia herritarrekin. Garaiko Udalak urrats garrantzitsua emango du jasangarritasunaren bidean, eta herriko lehen Komunitate Energetikoa sortzeko prozesuari ekingo dio. Proiektuaren aurkezpen ofiziala eta lehen bilera astelehen honetan, ekainak 29, arratsaldeko 19:00etan izango da udaletxean.
Bileraren helburu nagusia egitasmoaren xehetasunak herritarrei bertatik bertara azaltzea da. Bertan, proiektuaren pormenorrak eta aurreikusitako faseak azalduko dira, eta, aldi berean, herritarren iritziak entzun eta egon daitezkeen zalantza zein galdera guztiak erantzungo dituzte udal arduradunek eta teknikariek.
Trantsizio energetikoa bultzatzeko egitasmo honek Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa eta dirulaguntza jaso du. Prozesuak hainbat fase eta ekintza jakingarri jasoko ditu datozen hilabeteetan:
-
Formazioa eta azterketa: Adin guztietako herritarrei zuzendutako prestakuntza-saioak egingo dira.
-
Kontsumoen neurketa: Etorkizuneko bazkideen kontsumo-ohiturak aztertuko dira, herriak energia berriztagarrietan duen potentziala zehaztasunez kalkulatzeko.
-
Egituraketa: Komunitate Energetikoaren egitura eta estatutuak definitu ostean, taldea ofizialki konstituituko da bere jarraitutasuna bermatzeko.
Udaletik herritar guztiak animatu nahi dituzte asteleheneko bileran parte hartzera, Garaiko etorkizun energetiko jasangarriago bat guztien artean diseinatzeko.


