Arratsaldetik aurrera, elurra 1.000 metrora egingo du, bihar 500 metrora jeitsiko da kota

EGURALDIA | Asteazkenean, fronte berri baten etorrerarekin, eguraldiak okerrera egingo du eta negu itxura hartuko du. Goizean, oro har, ateri eutsiko dio, soilik tantaren bat bota dezake kostaldean. Hala ere, arratsaldetik aurrera euritara joko du, lehenengo ipar partean, eta, ondoren, gainerako lekuetan. Haizea mendebaldetik suabe ibiliko da goizean eta arratsaldean ipar-mendebaldera egin eta zakartu egingo da. Elur-kota 1000 m inguruan ibiliko da azken orduetan. Tenperatura maximoak aurreko egunean neurtutakoekin alderatuz ez dira asko mugituko, baina minimoak jaitsi egingo dira.
Elurra eta hotza
Ostegunean neguko denboralea gogortuko da. Prezipitazioa oso ugaria izango da ipar partean, eta ekaitza eta txingorra egingo du egunaren bigarren partean. Hegoaldean zaparradak tartekatuagoak izango dira eta ahulago botako du. Elur-kota jaisten joango da eta egunaren amaieran 500 m-ra egon daiteke, prezipitazio ugarienekin batera. Ebro ibarrean ziertzoa zakar ibiliko da, baita kostaldean ere ufadak zakarrak izango dira. Tenperatura ez da 10 ° C-tik gorakoa izango oro har, eta izotza egingo du barnealdean.


