Hiru pilotari bizkaitar dira: Gaizka Fernandez eta Sergio Rodriguez gurpildun aulkiko modalitatean eta Daniel Calviño adimen urritasunean

PELOTA| Mallabian jokatutako partida maratoi batek eman dio hasiera prestigio handiko Euskal Pilota Egokituaren Zirkuituari. Euskal Autonomi Erkidegoko hiru lurraldeetan jokatuko diren Irekiei Bizkaikoak eman dio hasiera eta dagoeneko ezagutzen dira hurrengo igandean Basaurin jokatuko diren finaletan arituko diren pilotarien izenak. Nabarmentzekoa da, gainera, Basauriko final handi horietan hiru pilotari bizkaitar arituko direla; Gaizka Fernandez eta Sergio Rodriguez gurpildun aulkiko modalitatean eta Daniel Calviño adimen urritasuna dutenen artean. Fernandez eta Rodriguez aurkariak izango direnez, txapel bat behintzat, Bizkaian geratuko da.
Pilota inklusiboaren festa handi bat jokatu zen atzo Mallabian, denera 20 partida jokatu ziren eta maila bakoitzeko bi bikoterik onenek lortu zituzten finalerako txartelak. Adimen urritasuna dagokionean, Leire Esnal eta Erik Gaton arituko dira alde batetik eta Daniel Calviño-Jurdan Arakistain izango dituzte aurkari. Gurpildun aulkian arituko direnak, ordea, Sergio Rodriguez-Edorta Anda eta Gaizka Fernandez-Beñat Lizaso izango dira.


