Euskal Trenbide Sareak ere bukatutzat eman ditu geltokia eraberritzeko lanak
ZALDIBAR | Mugikortasun Jasangarriko Sailak, Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren bitartez, bihar, asteartea, jarriko du martxan Zaldibarren Zaldua-Etxebarriako trenbide-pasagunea kentzearen ondorioz eraiki den N-634 errepidearen gaineko pasabidea, udalerri horretako geltokiaren inguruan. Pasabideari ere eraberritze lan integrala egin zaio.
Kendu den oinezkoentzako trenbide-pasaguneak Zalduaran kaleko etxebizitzetarako sarbidea ematen zuen. Pasabide berriak Bilbo kalea eta Zalduaran kalea lotzen dituzten eskailera finkoak eta igogailuak ditu.
Igogailuak eraikitzeko, zimentazioko bi putzu azpi-bertikal hondeatu behar izan dira kultur etxearen eta geltokiaren inguruetan. Oinezkoentzako pasabidea 30 metro inguru da luze, eta martxan jartzen denean hirigunea Zalduaran auzoarekin eta N-634 errepidearen beste aldean dagoen tren-geltokiarekin lotzeko helburua beteko du.
Geltokiari dagokionez, nasak guztiz berritu dira, argiztapen berria instalatu da eta 18 metroko luzera eta 3,5 metroko hegala dituen markesina berria jarri da.
Jarduketa guztiak Euskadiko trenbide-sareko geltokiak genero-ikuspegiarekin diseinatzeko Liburu Zurian jasota daude. Liburu horren helburua da erabiltzaile guztiek, euren adin-, genero- edo gaitasun-baldintzak edozein direla ere, espazioak eta zerbitzuak modu seguruan eta erosoan erabili ahal izateko soluzioak eskaintzea.