DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Eskalada ikastaroetan izena emateko azken egunak Durangon

Eskaintzen diren ikastaroen artean 6 eta 10 urte bitarteko haurrentzako ikastaroa aurkitzen da

Izena emateko aukera martitzen honetan da

DURANGO | Udalak, Kirol Sailaren bidez, eskalada ikastaroen edizio berri bat jarri du martxan, adin eta maila ezberdinetara egokitutako eskaintzarekin. Jarduera fisikoaren eta kirol praktika seguru, dibertigarri eta mailakatu baten aldeko apustu garbia eginez, hiru ikastaro eskainiko dira: umeentzako oinarrizko eskalada ikastaroa, helduentzako hastapen ikastaroa eta aurretiazko ezagutzak dituztenentzat, luzera anitzeko bideetan trebatzeko ikastaro espezializatuago bat.

Haurrentzako eskalada ikastaroa 6 eta 10 urte bitarteko neska-mutilei zuzenduta dago. Helburua txikienen artean eskaladarekiko interesa piztea eta jarduera fisikoaren bidez aisialdi esperientzia eskaintzea da. Saioak Rokotxikin egingo dira, eta noizean behin rokodromoan ere. Talde bakoitzean gehienez 6 haur izango dira, eta bi talde aurreikusi dira. Lehenengo taldeak astearteetan (urriaren 21ean eta 28an; azaroaren 4an eta 11n) eta ostegunetan (urriaren 23an eta 30ean; azaroaren 6an eta 13an) izango ditu saioak, 17:00etatik 18:00etara. Bigarren taldeak astearteetan (azaroak 18 eta 25; abenduak 2 eta 9) eta ostegunetan (azaroak 20 eta 27; abenduak 4 eta 11) egingo ditu saioak, 17:00etatik 18:00etara.

Bestalde, eskalada kirolaren hastapenerako ikastaroa inolako esperientziarik ez duten 18 urtetik gorakoentzat antolatu da. Ikastaro honek segurtasun neurriak, soketako korapiloak, aseguratze-teknikak eta progresioa landuko ditu, baita lehen eskalatze eta “tope rope” modalitateak ere. Saioak Durangoko rokodromoan egingo dira, eta grigri erabiliko da oinarrizko material gisa. Talde bakoitzak 5 parte-hartzaile izango ditu gehienez. Astearteetako taldeak urriaren 21ean hasiko du ikastaroa, azaroaren 11ra bitarte, eta ostegunetakoak urriaren 23tik azaroaren 13ra bitartean egingo du bere saioa, betiere 18:00etatik 20:00etara.

Maila aurreratuagoan, luzera anitzeko bideetan eskalatzen hasteko ikastaroa eskainiko da. Hau 18 urtetik gorako eta eskalada kirolari buruzko oinarrizko ezagutzak dituzten pertsonei zuzenduta dago. Ikastaroan segurtasuna, aseguramendu eta progresio teknikak, korapiloak, fortuna-teknikak eta autoaseguratutako rapelak landuko dira. Saioak otsailaren 5etik 26ra izango dira, ostegunetan, 18:00etatik 20:00etara rokodromoaren eskuinaldeko bideetan, hain zuzen ere 17. eta 18. puntuetan. Taldea oso mugatua izango da, gehienez lau parte-hartzaile hartuko dira. Parte-hartzaileek beren material teknikoa ekarri beharko dute, hau da, kotxete segurudun B motako mosketoia duen ainguratze-kaboa, ATC edo Reverso motako aseguratze-aparatua bi mosketoi HMS-rekin, 120 zentimetroko dinema zinta, bi B motako mosketoi, Machard korapilorako soka zirkular bat, eta baita arnesa eta grigria ere.

Ikastaro guztiek saio bakoitzeko 4 euroko prezioa izango dute, rokodromoko sarrera modura, eta izen-emateak Landako I-eko harreran egin beharko dira aurrez aurre. Bai haurrei eta baita helduei zuzendutako ikastaroetan izena emateko epea irailaren 30era bitarte egongo da zabalik.

Durangoko Udalak herritarrak ikastaro hauetan parte hartzera gonbidatzen ditu, ezagutza teknikoak eskuratzeko, egoera fisikoa hobetzeko eta  talde-giroan kirolaz gozatzeko aukera  aukera paregabea eskaintzen baitute

Informazio gehiago edo zalantzak argitzeko, Landako I-eko harrerara joan daiteke zuzenean.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top