Taldeak aurkezteko epea martxoaren 15etik maiatzaren 15era da

ERMUA | Udaleko Kultura Sailak ‘Folkez Blai’ lehiaketaren edizio berria antolatu du. Musika lehiaketaren XX. edizio honen helburua musika errotik sustatzea eta folk generoa jorratzen duten kolektiboen hedapen plataforma izatea da.
Lehiaketa bi fasetan banatzen da, eta martxoaren 15ean hasiko da lehenengoa. Bertan, bi disko baino gehiago argitaratu ez dituzten folk musika talde guztiek parte hartu dezakete. Horretarako, lau kantuz osatutako grabazioa bidali beharko dute – horietatik bi, gutxienez, euren abesti propio eta originalak –, baita taldearen argazki bat eta informazioa eta harremanetarako datuak ere, Ermuko Udaleko Kultura Sailera edo kultura@udalermua.net helbidera. Parte hartzeko epea maiatzaren 15era arte egongo da zabalik.
Zuzeneko emanaldiak irailean
Aurkezten diren proposamen guztietatik, epaimahaiak sei talde aukeratuko ditu lehiaketaren bigarren faserako, hau da, irailaren 12an, 13an eta 14an udalerrian egingo diren zuzeneko emanaldietarako. Folk jaialdi honetan Golconda izango dute lagun, lehiaketaren aurreko edizioan irabazle izan zen talde kataluniarra, eta baita generoan jada ibilbidea jorratu duen beste talde bat ere.
Irailaren 14an, igandea, jakinaraziko da epaimahaiaren erabakia. Emanaldi guztiak amaitzean, 3.500 euroko lehen sari bat eta 2.000 euroko bigarren sari bat emango dira. Gainera, Folkez Blai lehiaketa irabazten duen taldeak gonbidatu gisa joko du jaialdiaren hurrengo edizioan.
Finalerako sailkatu eta sarituak izan ez diren talde guztiek 500 euroko dirulaguntza jasoko dute Ermura etortzeko gastuak ordaintzen laguntzeko.
Lehiaketaren xehetasun guztiak kontsultatu ahal dira Folkez Blai atalean.