Gertaerak «gogor» gaitzesten dituzte, eta biktimaren esku jartzen dituzte Indarkeria Matxistaren Unitatearen zerbitzuak.
DURANGO | Udal Gobernuak gaur arratsaldean zuzendu egin du asteazken honetako prentsaurrekoan emandako informazioa. Prentsaurrekoan «ukitu-intzidentetzat» jo zen, eta ez sexu-erasotzat. «Bi adingabe izanik, diskrezioz heltzen saiatu ziren egoerari»; hala ere, Udal Gobernuak aitortu du hori ez zela modurik egokiena egoera kudeatzeko. Gaur goizean, Herriaren Eskubidea kezkatuta agertu da Gobernu Taldeak “garrantzia” kendu diolako, atzoko balorazioan “adingabeen arteko ukituen gertakari isolatutzat” jo baitu erasoa.
Sexu-askatasunaren aurkako delitu larri horren aurrean, Udalak behin eta berriz gaitzetsi du edozein motatako eraso matxista, eta oinarrizko eskubideen edozein urraketaren aurrean irmo jokatzearen garrantzia azpimarratu du.
Udal Gobernuak biktimaren esku jarri ditu Indarkeria Matxistaren Unitatearen baliabide guztiak, eta arreta emateko eta sendatzeko behar den laguntza bermatu du.
Udalak indarkeria matxista mota guztiak gaitzesten ditu, eta herritarrei dei egiten die, bereziki emakumeei, horrelako ekintzak salatzeko. Genero-indarkeriaren aurkako borroka gizarte osoak partekatzen duen erantzukizuna da, eta Udalak jokabide horiek desagerrarazteko eta biktimak babesteko lanean jarraituko du.