DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Durangoko Udal Euskaltegiak 70 ikasle gehiagorekin hasiko du ikasturte berria

Murueta Torreko instalazio berrituetan 245 pertsonek eman dute izena

Garbiñe Andrinua, Iker Urkiza, Paule Sanchez eta Mireia Elkoroiribe.
Garbiñe Andrinua, Iker Urkiza, Paule Sanchez eta Mireia Elkoroiribe.

DURANGO | Joan den irailaren 2an, Durangoko Udal Euskaltegia Murueta Torreko instalazio berrituetan hasi zen lanean, eta euskara azterketa ofizialak prestatzeko 45 ikaslerekin udako ikastaro trinkoei ekin zien. Gaur, urriak 1, hasi da 2024-25 ikasturte berria eta momentuz, 245 pertsonak eman dute izena, hau da, aurreko urtean baino 70 ikasle gehiagok. «Oso pozgarria da ikustea Durangon gero eta interes handiagoa dagoela euskara ikasteko, ikasturte honetarako matrikulazioen gorakadak erakusten duen bezala. Durangoko Udaletik eta Euskaltegiko lantaldetik lanean jarraituko dugu hizkuntza ikastea pertsona guztientzat eskuragarria eta kalitatezkoa izan dadin. Eskerrik asko hazten jarraitzen duen proiektu honetan konfiantza duten pertsona guztiei», nabarmendu du Paule Sanchez Euskara zinegotziak.

Murueta Torre, 1660an datatutako eraikin historikoa eta duela gutxi birmoldatua, arreta handiz egokitu da, espazio irisgarri eta modernoa izan dadin. Proiektu honek 651.800 euroko inbertsioa ekarri du, eta horietatik 211.748,40 euro Europar Batasuneko Next Generation Funtsetatik datoz, instalazioak jarduera ugaritarako egokiak direla ziurtatzeko eta Durangoko ondare arkitektonikoari balioa emateko. Modernoa eta irisgarria den gune berri honek, euskara irakasteko ingurune egokia eskaintzen du, eta oso pozik hartu dute ikasleek eta irakasleek. «Murueta Torreko instalazio berrituen irekierak aro berri bat markatzen du Durangoko Euskaltegiarentzat. Eraikin historiko honek, modernoa eta irisgarria izateko kontu handiz egokitua, euskara eta euskal kultura sustatzeko dugun konpromiso irmoa islatzen du. Pozik gaude ikasleen eta irakasleen artean izan duen harrera positiboarekin», gehitu zu Sanchezek.

Gauzak horrela, Euskaltegiko taldea apurka-apurka egokitzen ari da eraikin berrira, eta trantsizioak doikuntza batzuk dakartzan arren, eguneroko lana eta instalazio berriak modu eraginkorrean uztartzen ari dira.

2024-2025 ikasturterako, taldeak honela banatuko dira:

  • A1: 2 talde
  • A2: 2 talde
  • B1: 3 talde
  • B2: 4 talde
  • C1: 5 talde
  • Ahozko praktika: 2 talde
  • Erretiratuak: 3 talde
  • AISA: 2 talde
  • Autoikaskuntza modalitatean izena emandako 9 ikasle ditu.

«Euskaltegiak Murueta Torren duen jarduerak Durangoko Udalak euskara sustatzeko duen konpromisoa indartzen du, ikasteko kalitatezko espazio bat eskainiz eta gero eta pertsona gehiagok irakaskuntza zerbitzu garrantzitsu hau erabili ahal izatea erraztuz. Euskaltegiko taldeak gogo biziz hartu du etapa berri hau, eta lanean jarraitzen du, herritar guztientzat aberasgarria eta irisgarria izango den ikaskuntza-irakaskuntza esperientzia bermatzeko», nabarmendu dute udal ordezkariek.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top