DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Durangoko Museoa Sentikortasun Zentraleko Gaixotasunak dituzten pertsonentzat ireki da

Hartu diren neurrien artean, aireztapena hobetzea, Wi-Fi sarearen deskonexioa, produktu espezifikoekin garbiketa eta edukiera murriztea nabarmentzen dira

Espazioa pertsonen beharretara egokitutako bisita gidatua egin ahal izan da.

DURANGO | Atzoko eguna berezia izan zen Sentikortasun Zentraleko Gaixotasunak dituzten pertsonentzat. Izan ere, Durangoko Arte eta Historia Museoa bisitatzeko aukera izan zuten Durangoko Udala eta SFC-SQM Euskadi-AESEC Elkartearen arteko lankidetzari esker.

Bisita hau azken hilabeteetan egindako egokitzapen-prozesu baten emaitza izan da eta horri esker, Enzefalomielitis Mialgiko/Sindrome Fatiga Kronikoa (EM/SFC), Sentikortasun Kimiko Anizkoitza (SQM), Fibromialgia (FM) eta Sentikortasun Elektromagnetikoa edo Elektrohipersentsibilitatea (EHS) duten pertsonen beharretara egokitutako bisita gidatua egin ahal izan da.

Ingurune seguru eta irisgarria bermatzeko, museoa itxita egon zen bisitan zehar, kanpoko estimuluekiko kontaktua saihesteko. Halaber, Wi-Fi sarea deskonektatu eta telefono mugikorrak itzali ziren eragin elektromagnetikoa minimizatzeko. Horrez gain, beharrezko aireztapena bermatu zen jarduera hasi aurretik eta bitartean, eta garbiketa produktu espezifikoekin egin zen, substantzia kaltegarrien eragina saihesteko. Era berean, museoan pertsona gutxiago egotea erabaki zen eta bisita gidatuaren arduradunak higiene-protokolo espezifikoa bete zuen parte-hartzaileen segurtasuna bermatzeko.

Egokitzapen horiei esker, parte-hartzaileek bisita modu seguruan gozatzeko aukera izan zuten. “Durangoko Udalak inklusioarekiko eta irisgarritasunarekiko duen konpromisoa berresten du, pertsona guztiek herriko kultura-eskaintza berdintasunean eskuratu eta gozatzeko neurriak etengabe sustatuz. Ildo horretan, Udal Gobernuaren Planaren 7.7 puntuan jasotzen da kulturarako sarbidea errazteko ekimenak abian jartzea, egoera ahulenean dauden pertsonentzako laguntza bermatuz. Honelako ekintzen bidez, Durangok kulturaren irisgarritasuna sustatzen jarraitzen du, herritar guztientzako eskubide bat izan dadin”, adierazi dute gobernu taldeko arduradunek.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top