DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Durangoko kaleak auzolanean garbitzea proposatu dute ikaleek Udal Foroan

Osoko Bilkuren Aretoan ospatutako topaketak ikastetxeak eta udal ordezkariak batu ditu

Topaketa udal bilkura aretoan ospatu da

DURANGO | Astearte honetan Durangoko Udaletxeko Osoko Bilkuren Aretoan Udal Foroa – Foro Municipal izeneko edizio berria ospatu da. Urtero bezala, topaketa honek aukera ematen du ikastetxeetako ikasleek, irakasleek eta udal ordezkariek elkarrekin hausnartzeko eta proposamenak partekatzeko, Durango herri jasangarri, inklusibo eta konprometituago bat eraikitzeko helburuarekin.

Goizean zehar hainbat fase izan ditu jardunaldiak. Lehenik eta behin, ikasleek gogora ekarri dituzte aurreko ikasturtean aurkeztutako proposamenak, esaterako, zonalde berde gehiago sortzea, eraikin berrien gainetik lehentasuna emanez; erreken garbiketan parte hartzea; larunbatetan bigarren eskuko azoka bat antolatzea; kalean dauden pertsonei laguntzeko ekimen gehiago garatzea; Ezkurdi, Tabira eta Landako inguruko bidegorria luzatzea; eta puntu garbi gehiago jartzea. Proposamen horien aurrean, udal ordezkariek horien egungo egoeraren berri eman dute eta konpromiso instituzionala berriro berretsi dute.

Ondoren, ikasturte honetan egindako lana aurkeztu dute ikasleek. Udal diagnostikoaren ondorioak azaldu dituzte, talde bakoitzak hartu dituen konpromisoekin batera. Udalari zuzendutako proposamen berriak ere aurkeztu dituzte, eta hurrengo ikasturtean aurrera eraman nahi duten ekintza eraldatzailea ezagutzera eman dute: Durangoko kaleetan garbiketa bat antolatzea eta herritarrak bertan parte hartzera animatzea. Ekintza hau ez zen aurrez ezagutarazi, eta Udal Foroaren egunean bertan aurkeztu da ofizialki. Udal ordezkariek proposamen berri horien bideragarritasuna baloratu dute, eta interes handiz hartu dituzte ikasleek hartutako konpromisoak.

Foroa amaitu da alkatesaren hitzartzearekin. Bertan, ikasle eta irakasleen lana eta ahalegina eskertu ditu, eta Udalaren konpromisoa berretsi du kudeaketa jasangarri baten alde. Alkateak adierazi du hobekuntzarako egindako proposamenak lagungarri handiak direla Durango ingurumenarekiko errespetutsuagoa den udalerri bihurtzeko, eta oso positiboki baloratu du ikasleen inplikazioa. “Ikasleen lana eta helarazten diguten informazioa Udalak egiten dituen jardueretarako beste baliabide bat dira”, azaldu du, eta etorkizuneko ikasturteetan ere lankidetza bide beretik jarraitzera animatu ditu. Amaitzeko, eskerrak eman dizkie bertaratu guztiei eta hezkuntza komunitatea gonbidatu du 2030 Eskola Agendaren barruan proiektu honi bultzada ematen jarraitzera.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top