DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Durangoko energia-komunitatea abian da hitzaldi ziklo batekin

Lehen saioa apirilaren 2an izango da, Maristak aretoan, 18:30ean

Otsailean izan zen energia-komunitateei buruzko eztabaidaren artxiboko irudia. ARGAZKIA: www.durangoenergia.eus

DURANGO | Durangoko Energia Komunitatea sortzeko prozesua abiatuko dute Apirilaren 2an, Maristak Ikastetxean izango da saioa.

Durangon energia burujabetzarantz urratsak eman nahi dituzte, energia berriztagarria sortuz eta komunitatean banatuz. Horrek ingurumenari laguntzeaz gain, energia-kostuak murrizteko eta tokiko ekonomia indartzeko aukera emango du.

Energiaren inguruan gehiago ikasi eta Energia Komunitatea sortzeko beharrezko formakuntza eta eztabaidak egingo dituzte prozesuan zehar. “Ia urte betez aritu gara Energia Komunitateen inguruko lanketak egiten: informazioa bildu dugu, beste herri batzuetako esperientziak ezagutu ditugu, bilera irekiak eta hitzaldiak antolatu ditugu eta, garrantzitsuena, Durangoko hamaika eragileekin gure proposamena kontrastatu dugu eta euren ekarpenak jaso ditugu”, azaldu dute. 

Aurreratu dutenez, momentua heldu da, beraz, lan hori guztia lurreratzeko eta elkarrekin auzi ekosozialari aurre egiteko. “Durangoko Energia Komunitatea sortuko dugu, eta, horretarako, prozesu parte hartzaile bat diseinatu dugu, 4 bilera eta ondorioen egun batekin. Saio bakoitzean, gai bat jorratuko dugu elkarrekin, gure energia komunitatea era kolektiboan eraikitzeko”, gaineratu dute.

Durangoko herritar guztiek, baita bertako eragileek ere hartu dezakete parte prozesuan: norbanakoek, elkarteek, eskolek, enpresek eta erakundeek. Ez da energiaren inguruko ezagutza espezifikorik behar parte hartzeko, denon artean ikasiko dugu. Energia etorkizuneko erronka handietako bat da, eta guztion artean landu behar dute.

Gero eta Energia Komunitate gehiago

Euskal Herrian gero eta Energia Komunitate gehiago daude, baita Durangaldean ere. Adibidez, Elorrion eta Otxandion dagoeneko badituzte funtzionatzen ari diren energia komunitateak. Abadiñon eta Zaldibarren sortzen dabiltza orain.

Saioak Energia Trantsiziorako Durangoko herritar taldeak dinamizatuko ditu. Guztietan, Goiener izango dute bidelagun arlo teorikoa lantzeko eta prozesuaren egokitasuna bermatzeko.

Webgune bat sortu dute Piztu Durango! Prozesuaren inguruko informazio guztia biltzeko: durangoenergia.eus

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top