DOT Durangaldea

Durangoko 20 saltokik emakumeak zein neskatoak zientzian balioesteko ekimenean parte hartuko dute

Helburua da emakumeek zientziaren eta teknologiaren esparruan egiten duten lana aitortzea

Aipatzekoa da omendutako zientzialarien artean Mari Luz Guenaga Gómez dagoela

DURANGO | Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren baitan, Durangoko Udalak, Dendak Bai merkatarien elkartearekin eta Elhuyar fundazioarekin lankidetzan, “Otsailaren 11ko erakusleihoak” ekimena jarri du abian. Ekintza otsailaren 2tik 15era egingo da, eta helburua da emakumeek zientziaren eta teknologiaren esparruan egiten duten lana aitortzea, baita beren ibilbideak herritarrei hurbiltzea ere tokiko merkataritzaren bidez.

Proposamen honi esker, Durangoko 20 establezimenduk beren erakusleihoak apainduko dituzte zientzialari ezberdinen bizitzari eta lanari buruzko kartel, ilustrazio eta elementuekin. Saltoki bakoitzak zientziaren arloan nabarmentzen den emakume bati omenaldia egingo dio, bere lanaren bozgorailu bihurtuz eta zientzian eta teknologian emakumezko erreferenteak sortzea bultzatuz.

Aipatzekoa da omendutako zientzialarien artean Mari Luz Guenaga Gómez dagoela, informatika-ingeniaria eta Kurutziaga Ikastolako lehendakaria; horrek lotura berezia ezartzen du Durangoko hezkuntza-ingurunearekin. Harekin batera, estatuko zein nazioarteko aitorpena duten beste hamaika zientzialariren lana ere balioetsiko da.

Halaber, ginkana hezitzaile bat antolatuko da, eta Zabalarra eskola, Landako eskola, San Antonio ikastetxea, Nevers ikastetxea, Durangoko Jesuitak ikastetxea, Fray Juan de Zumarraga BHI eta Oinarrizko Lanbide Institutuko ikasleek parte hartuko dute. Ikasleek saltoki parte-hartzaileetan barrena ibiliko dira, eta bertan zientzialariak identifikatu eta haien ibilbideei buruzko galderak erantzun beharko dituzte.

Jesica Ruiz, Durangoko Udaleko Berdintasun zinegotziak, ekimen honek gizartea eraldatzeko tresna gisa duen garrantzia azpimarratu du: ““Otsailaren 11ko erakusleihoekin, zientzian historia egin duten emakumeei omenaldia egiteaz gain, neskatoen belaunaldi berriek erreferente horietan beren burua islatzeko aukera zabaltzen dugu. Haien lana ikusaraztea funtsezkoa da berdintasunezko gizarte bat eraikitzeko, non talentuak eta bokazioak generorik izango ez duten.”

Saltoki parte-hartzaileak eta omenduko diren emakume zientzialariak:

  1. AGIRREZABAL ELEKTROTRESNAK – Mari Luz Guenaga Gómez (Informatika-ingeniaria)
  2. BED’S DURANGO – Marie Anne Gillain Boivin (Medikuntza eta obstetrizia)
  3. DENDAK BAI ELKARTEA – Elisabeth Rasekoala (Kimika-ingeniaria)
  4. DUZU KAFE TABERNA – Rebecca Lee Crumpler (Medikua)
  5. FOLDER – Jane Goodall (Etologoa)
  6. ARGAZKI ARENTZA – Jane Goodall (Etologoa)
  7. INDALA ILE-APAINDEGI ORGANIKOA – Amaia Ortiz Barredo (Mikrobiologa)
  8. LANDAKO OPTIKA – Ola Arafat (Farmazia eta bioteknologia)
  9. LOTERIA Nº 2 – Yásnaya Aguilar Gil (Hizkuntzalaria eta idazlea)
  10. NEREKOPI – Mari Luz Guenaga Gómez (Informatika-ingeniaria)
  11. OLABEGOJEASKOETXEA – Lourdes Herrasti (Historialaria eta antropologa)
  12. OLIVER – Marie Anne Gillain Boivin (Medikuntza eta obstetrizia)
  13. PAPO’S MEN – Hong Wang (Matematika)
  14. PIO PIO (Monago Torre, 2) – Ruby Payne-Scott (Astronomoa)
  15. PIO PIO (Alluitz, 1) – Olatz Ortega Vidales (Biologa)
  16. SANCHO TENA – Elisabeth Rasekoala (Kimika-ingeniaria)
  17. SYLKE – Olatz Ortega Vidales (Biologa)
  18. TAULA – Yásnaya Aguilar Gil (Hizkuntzalaria eta idazlea)
  19. TYL SPACES – Lourdes Herrasti (Historialaria eta antropologa)
  20. GURREA ARDOTEGIA – Amaia Ortiz Barredo (Mikrobiologa)

Omendutako emakume zientzialarien irudiak eta istorioak Bizilabe-ren webguneko  “Otsailak 11” izeneko atalean daude eskuragarri.

Durangoko Udalak, Dendak Baik eta Elhuyarrek herritarrak gonbidatzen dituzte erakusleihoak bisitatzera, ginkanan parte hartzera eta zientzialari horien lan garrantzitsua ezagutzera, izan ere, haien ekarpenek belaunaldi berrientzako bideak ireki baitituzte.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top