DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Durangok Tabirabide eta Arriluzeaga inguruko bizikleta-seinaleak hobetu ditu

Lurrean margotutako bidegorria kendu eta seinaleak aldatu dira

Bizikleta seinaleak aldatu dira, lurrean margotutako bidegorria kenduz.

DURANGO | Segurtasuna eta txirrindularien eta ibilgailu motordunen arteko bizikidetza hobetzeko, toki administrazioak Tabirabide kaleko -Gran Hoteleko biribilgunetik- eta Arriluzeaga kaleko tarteko bidegurutzeko bizikleta-seinaleak hobetzeko lanak amaitu ditu, lurrean margotutako ibilgailu motordunen kontrako bidegorria kenduz.

Jarduera horiek udalerriko bizikleta ibilbideak indartzeko proiektuaren parte dira, mugikortasun iraunkorra sustatzea eta bizikleta garraiobide gisa erabiltzen dutenen segurtasuna bermatzea helburu duen ekimena. Esparru horretan, Durangoko Udalak bizikleta-sarea handituko du, eta 18 kilometro bidegorri berri sortuko ditu, lehendik dauden 14,5 kilometroei gehituko zaizkienak. Horrela, herrian 32 kilometro bizikleta-bide egongo dira guztira.

Proiektu hau Mugikortasun Iraunkorreko Udal Planarekin lerrokatuta dago. Plan horren helburua da oinez eta bizikletaz egiten diren joan-etorriak indartzea, berotegi-efektuko gasen emisioak murriztea eta Durango udalerri jasangarriago eta irisgarriago gisa sendotzea.

Zentzu horretan, bizikleta-sarea zabalduz eta hobetuz, “mugikortasun-sistema seguruago, eraginkorrago eta ingurumenarekiko begirunetsuago baten sorreran aurrera egiten da, bizikleta ibilgailu pribatuaren erabileraren alternatiba bideragarri eta osasungarri gisa sustatuz”, adierazi dute udaleko arduradunek.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top