DOT Durangaldea

Durangok Sexologia Aholkularitza Zerbitzua indartu du lehen urtearen ostean

Zerbitzuak arreta presentziala, online eta telefonikoa eskainiko du, baita aholkularitza indibiduala…

Ekimen hau Gazte Foroak planteatutako behar bati erantzunez sortu zen

DURANGO | Durangoko Udalak udalerriko gazteei eta familiei zuzendutako Aholkularitza Sexologikoko Zerbitzua egonkortu eta indartu du, baliabide hori azken urtean zehar eskaini ondoren. Ekimen hau Gazte Foroak planteatutako behar bati erantzunez sortu zen, bertan gazteek adierazi baitzuten sexualitateari eta harreman afektiboei buruzko zalantzak argitzeko espazio espezializatu bat izateko nahia, konfiantzazko, seguru eta irisgarri den ingurune batean.

Zerbitzuaren lehen urteko ezarpenaren ostean, Udalak urrats bat gehiago egin du zerbitzua egonkortzeko eta indartzeko, eta haren jarraipena hiru urtez luzatuko da. Zerbitzua otsailaren hasieran hastea espero da. Urteko aurrekontua 20.000 eurokoa izango da, eta, beraz, guztira 80.000 euro bideratuko dira aldi osorako.

Etapa berri honetan, zerbitzuak programazio anitza eta kolektibo desberdinetara egokitua eskainiko du. Horren barruan egongo dira banakako kontsultak (aurrez aurrekoak eta online), bai eta talde-jarduerak eta tailerrak ere, gazteei, familiei eta eragile sozioedukatiboei zuzenduta. Horrez gain, material dibulgatzaileak prestatzea eta banatzea aurreikusten da, eta informazio-saio puntualak egingo dira hezkuntza-zentro eta gizarte-erakundeekin lankidetzan.

Zerbitzuak, halaber, sentsibilizatzaileetan, sexu-osasuna, berdintasuna eta genero-indarkeriaren prebentzioa ardatz izango dituzten udal kanpainetan parte hartuko du .

Era berean, zabalkunde-ekintza espezifikoak egingo dira, zerbitzua herritar guztiei, bereziki gazteei eta familiei, ezagutarazteko eta hura eskuragarriago egiteko.

Arreta aurrez aurre, online eta telefonoz eskainiko da, betiere konfidentzialtasun eta irisgarritasun-bermeekin.

Jesica Ruiz, Gazteriako zinegotziak nabarmendu duenez, “baliabide hau ikuspegi sexologiko integral batean oinarritzen da, genero-ikuspegia, aniztasunarekiko errespetua, metodologia parte-hartzailea eta haurren eta nerabeen eskubideen zaintza ardatz hartuta. Neurri honekin, Udal Gobernutik berretsi egiten dugu Durangoko gazteriaren ongizatearekin dugun konpromisoa, bai eta harreman afektibo osasuntsuak, berdintasunezkoak eta indarkeriarik gabekoak sustatuko dituzten politika publikoen aldeko apustua ere.”

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top