Hobekuntzak eraikinaren barrualdean zein kanpoaldean egin dira, ingurune modernoagoa eta eraginkorragoa eskaintzeko ikasleentzat eta ikastetxeko langileentzat.
DURANGO | Durangarrako Udalak hainbat hobekuntza egin ditu Durango Oinarrizko Lanbide Heziketako Institutuan azken bi urteetan, 2022-2023 eta 2023-2024 ikasturteetan. Hobekuntza horien helburua da ikastetxeko ikasleentzat eta langileentzat ingurune modernoagoa eta eraginkorragoa eskaintzea, bai eraikinaren barruan, bai kanpoan.
Eraikinaren barruan, hainbat berrikuntza egin dira, bainugeletako, aldageletako eta korridoreetako zoruak hobetzeko. Gainera, eskolak emateko monitore digital interaktiboak instalatu dira, eta argi fluoreszenteen ordez LED argi modernoak jarri dira ikasgeletan. Laster, sistema informatikoa hobetuko da, eta horrek institutuko sistema guztien funtzionamendu arinagoa ahalbidetuko du.
Kanpoaldean, kartel berriak jarri dira, institutuko bulegoak eta tailerrak errazago aurkitzeko eta, horrela, ikasle eta bisitarientzako orientazioa eta sarbidea hobetzeko.
Guztira, 2023an eta 2024an 40.000 euro baino gehiago inbertitu dira Durangoko Oinarrizko Lanbide Heziketa hobetzeko: 25.053,57 euro 2023an eta 15.108,96 euro 2024an.
Hobekuntza horiek, Mireia Elkoroiribe alkateak eta Sandra Begoña institutuko zuzendaritza-idazkariak zehaztu duten bezala, Durango Oinarrizko Lanbide Heziketako Institutuak eta Durangoko Udalak kalitatezko hezkuntza eskaintzeko konpromisoa islatzen dute, ingurune eguneratu, moderno eta ikasle guztientzako eskuragarri batean.
Matrikulazioak
Onarpen-prozesuari dagokionez, aurrematrikula maiatzaren 6tik 24ra egin zen. Aurten, matrikulazio kanpaina arrakastatsua izan da. Onartutakoen behin-behineko emaitzak uztailaren 5ean argitaratuko dira, eta esleipenak uztailaren 11tik 24ra egingo dira.