Udalak 224.000 euro jaso ditu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eskutik eraikina eraisteko
DURANGO | Durangoko Udalak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren dirulaguntza jaso du, Correosen eraikina eraisteko, udalerriko funtsezko eremu hori lehengoratzeko jarduera estrategikoa. Finantza-laguntza horri esker, plaza handitu eta mehelina hobetu ahal izango da, eta espazioa ingurune funtzional, irisgarri eta herritarren beharretara egokitutako bihurtu.
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Kultura Ondarearen balioa nabarmentzeko eta zabaltzeko ematen dituen laguntzen deialdiaren barruan eman da dirulaguntza hori. Udalak joan den uztailean aurkeztu zuen eskabidea, eta abenduaren 16an izan zuen ebazpenaren berri. Ebazpen horren bidez 224.382,00 euroko dirulaguntza eman zitzaion “Durangoko Alde Zaharrean dagoen Correosen eraikin zaharra eraisteko”.
Laguntza hori lortu ondoren, 2025eko lehen asteetan, proiektu-lehiaketa bat jarriko da abian, posta-etxea eraisteko eta plaza handitzeko eta mehelina egokitzeko. Lehiaketa honetako epaimahaia, besteak beste, Foru Aldundiko Kultura Ondarearen Zerbitzuko ordezkariek eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoak osatuko dute. Horrela, plaza handitzea eta mehelina egokitzea ahalbidetuko duten proposamen berritzaileenak eta egokienak hautatuko dira, garapen iraunkorra eta kalitatezkoa ziurtatuz.
Udalaren helburua da eraistea 2026ko uda baino lehen bukatuta egotea, eta obra guztia 2026ko San Fausto jaien aurretik amaituta egotea, plazaren handitzea herritarrek ospakizun batzuetan gozatzeko aukera izan dezaten.