Iragarkiaren kontzeptua tentsio poetikoan elkarrekin bizi diren bi ideiaren ingurukoa da

DURANGO | Durangoko Azokaren 60. edizioko SPOTa ikusgai dago jada. Ideia sinple baina indartsu batetik sortu da: Durango mugimenduan dago. Hala azaldu du Iratxe Reparaz Durangoko Azokako aurtengo irudiaren sortzailea eta spotaren sorkuntza zuzendariak:
“Azokaren 60 urteko ibilbidea irudikatzeko, pieza bisual bat sortu dugu, non dantzari batek, gorputzaren bitartez, bide hau zer izan den interpretatzen duen: egokitzen da eta eraldatzen da”.
Hala beltzez jantzitako dantzari batez, kolorez betetako Durangoko Azokaren kartelen artean bidaia egiten du, bisitariak Azokara doanean bizi duen esperientziari erreferentzia eginez: “Dantza hizkien gainean garatzen da, lurrean marraztuta, gorputzak bere memoria aktibatuko balu bezala. Keinu bakoitzak malgutasuna, aldaketa eta martxan dagoen kultura aipatzen ditu. Hori delako Durangoko azoka: euskal kultura ospatu, partekatu eta eraldatzen den tokia. Edizio bakoitzarekin eboluzionatzen duen espazioa, baina bere esentzia inoiz galtzen ez duena”.
Iragarkiaren kontzeptua tentsio poetikoan elkarrekin bizi diren bi ideiaren ingurukoa da: mugimendua eta irmotasuna. Izan ere, nahiz eta azoka aldatu, egokitu eta sorkuntza-modu berrietara zabaldu, bada zerbait bere horretan dirauena: garena. Gure sustraia, gure nortasuna.
Fitxa teknikoa
Muga Ekoiztetxeak grabatu du aurtengo SPOTa. Aitor Aranguren arduratu da zuzentzeaz eta Iratxe Reparaz sortzaileak garatu du zuzendaritza artistikoa. Musika eta soinua Pello Reparazek sortu du eta spoteko protagonista den dantzaria DAB Dantza konpainikoa da.


