Planak bi ardatz nagusi ditu: kudeaketa eta erabilera

DURANGALDEA | Durangaldeko Mankomunitateak Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plan Estrategikoa onartu berri du ostegun honetan ospatutako osoko bilkuran. Plan Estrategiko berria Eusko Jaurlaritzak VII. Plangintzaldirako proposatutako metodologia (KEMEN) eta irizpideak jarraituz egin da, eta horren gainean eraiki da hurrengo urteetarako estrategia.
Planak bi ardatz nagusi ditu: kudeaketa eta erabilera. Helburu nagusiak honako hauek dira:
• Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea eta hizkuntza berdintasuna sustatzea.
• Euskararen erabilera normalizatzea eta areagotzea Mankomunitatearen jarduera guztietan.
• Mankomunitatearen jarduna eredugarri izatea euskararen normalizazioan.
Diagnostikoa eta erronkak
VI. Plangintzaldiaren ebaluazioan, DMAk 647,8 puntu zituen 1.000tik. VII. Plangintzaldiaren amaierarako, 733,42 puntu lortzea aurreikusten da, hau da, % 73,34ko garapen-maila. Horrek erakusten du hobekuntza nabarmena izango dela bai kudeaketan bai erabileran.
Indarguneen artean daude:
• Langileen eta arduradun politikoen hizkuntza-gaitasun altua.
• Zerbitzu-hizkuntzaren erabilera-maila altua (% 86,6).
• Herritarrekiko harremanetan euskararen presentzia (% 83,25).
• Irudi korporatiboan eta komunikazio instituzionalean euskararen erabilera sistematikoa.
Hala ere, hobetzeko arloak ere identifikatu dira:
• Kudeaketa orokorra indartu behar da, egitura berriak martxan jarriz.
• Hizkuntza irizpideak ere, metodologia eta irizpide berriak kontuan hartuta, eguneratu, adostu eta zabaldu beharra dago.
• Prestakuntza-eskaintza euskaraz izatea areagotu behar da.
• Kanpo-harremanetan, bereziki sektore pribatuarekin, euskararen erabilera sustatu behar da.
• Teknologia eta baliabide informatikoen erabilera euskaraz izatea indartu behar da.
Neurri zehatzak eta egitura berriak
Planak jarraipen-egitura zehatza proposatzen du, besteak beste:
• Euskara Batzordea: ordezkari politikoak, departamentuetako arduradunak, zerbitzuetako enpresen ordezkariak eta euskara teknikaria.
• Herritarren Informazio Batzorde Iraunkorra: zeharkako kontraste lanak egiteko.
• Lantalde operatiboak: erabilera planeko gai zehatzak lantzeko.
Gainera, hizkuntza irizpide berriak eguneratu eta onartu dira, eta besteak beste, horien artean daude:
• Zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza gisa euskararen erabilera lehenestea.
• Kontratu publikoetan, dirulaguntzetan eta hitzarmenetan hizkuntza klausulak sistematikoki txertatzea.
• Komunikazio elebidunean euskarari lehentasuna ematea.
• Prestakuntza, baliabide informatikoak eta komunikazio tresnak euskaraz eskaintzea.
DMAk konpromisoa hartu du herritarrek administrazioarekin euskaraz aritzeko eskubidea bermatzeko. Horretarako, langileek lehen hitza euskaraz egingo dute, eta herritarrak aukeratutako hizkuntzan jarraituko da. Euskarazko arreta bermatuko da, eta komunikazioak euskaraz edo ele bietan egingo dira, betiere euskarari lehentasuna emanez.
Idoia Otaduy Mankomunitateko presidentearen hitzetan, “euskararen erabilera ez da soilik helburu instituzional bat; gure komunitatearen kohesiorako eta identitate kolektiborako tresna nagusia da. Plan estrategiko honekin, herritarrek administrazioarekin euskaraz jarduteko eskubidea praktikan bermatuko dugu, eta erakunde modura eredugarri izateko konpromisoa hartu nahi dugu.”