DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Durangaldeko Mankomunitateak 2025erako gizarte politiken aldeko apustua egin du

Eskualdeko erakundearen 2025erako aurrekontuak 9.671.813,21 eurokoak dira

Osoko bilkura atzo ospatu zen Elkartegian

DURANGALDEA | Durangaldeko Mankomunitateak gaurko osoko bilkuran 2025erako aurrekontuak onartu ditu, guztira 9.671.813,21 euroko zenbatekoarekin. Aurrekontu hauen bidez, erakundeak 2025erako bere lehentasunak eta norabide estrategikoa definitu ditu, eta Idoia Otaduy presidenteak azaldu duenez, gizarte arloa eta ingurumen jasangarritasuna dira ardatz nagusiak.

Gizarte zerbitzuetan inbertsio historikoa
2025ean, Mankomunitateak gizarte arloari bideratutako inbertsioa 5.695.569,48 eurora igoko da, hau da, aurrekontu osoaren %58,9. Etxez etxeko laguntza zerbitzua indartzeko 500.000 euroko igoera aurreikusi da, herritarrik zaurgarrienek arreta egokia jasotzeko. “Gure lehentasuna argia da: gizarte zerbitzuak indartzea. Gobernura iritsi ginenetik, politika sozialak izan dira gure jardunaren ardatz, eta helburu horri erantzuteko lanean jarraitzen dugu”, adierazi du Otaduyk.

Gizarte zerbitzuei dagokienez, etxez etxeko laguntzaz gain, oinarrizko zerbitzuak hobetzeko koordinazio mekanismoak ezartzea eta larrialdietako laguntzen eskaerei aurre egiteko konpromiso irmoa mantenduko dira. Gainera, 2025ean, Abadiñon eguneko arreta zerbitzu bat martxan jartzeko proba pilotua garatuko da.

Hondakinen kudeaketa eta zerbitzuen hobekuntza
Hondakin bilketa, Mankomunitatearen zerbitzu oinarrizkoenetakoa izanik, arlo honetan hainbat berrikuntza egingo dira. Zerbitzuaren azterlan sakona gauzatuko da, gutxiago kontsumitzea eta gehiago birziklatzea helburu. Horretarako, bolumen handiko hondakinen bilketa optimizatzeko eta gaikako bilketa bultzatzeko estrategiak ezarriko dira. Kamioietan baskulak instalatuko dira udalerrika bildutako hondakinen kopuru zehatza neurtzeko, eta 2025aren bukaerarako bi kamioi berri izango dira zerbitzua hobetzeko.

Zerbitzuak zentralizatzea Elkartegian
Mankomunitateak zerbitzu guztiak Durangoko Elkartegi eraikinean zentralizatzea aurreikusten du 2025ean, herritarrei arreta eraginkorragoa eta integratuagoa eskaintzeko. Horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiarekin negoziazioak aurreratuak daude eraikina erosteko eta egokitzeko. “Gure helburua herritarrei elkargune fisiko bakarra eskaintzea da, bertan Mankomunitatearen zerbitzu guztiak eskuragarri izan ditzaten,” azaldu du Otaduyk.

Garapen ekonomikoa eta trantsizio ekologikoa
Eskualdeko enplegua eta prestakuntza sustatzeko, Durangaldeko Behargintzak eta DEK-Durangaldea Empresa Ekimenak hainbat proiektu estrategiko abiaraziko dituzte. 2025ean, 3R programa, Enpresa Berdea ekimena eta gazteen enplegagarritasuna hobetzeko Gaztedi Durangaldea programa garatuko dira. Bestalde, Salbide eta surpetze digitala proiektuetan jarraituko da lanean, enpresen beharrei erantzuteko azpiegitura eta prestakuntza estrategiak garatuz.

Kirol eta jarduera fisikoaren sustapena
Aurrekontuek, halaber, eskualdeko kirol eta jarduera fisikoa sustatzeko proiektuak barne hartzen dituzte. Atletismo pistaren erabilera hobetuko da, goizez ere arreta zerbitzua eskainiz, erabiltzaileen beharrei modu integralean erantzuteko.

Kudeaketa ekonomiko eraginkorra
Idoia Otaduy presidenteak azpimarratu duenez, aurrekontu hauek kudeaketa zorrotz eta eraginkorraren ikuspegitik diseinatu dira. “Baliabide guztiak maximizatu ditugu, eta gastatzen dugun euro bakoitzaren erabilera eraginkorra bermatzen saiatu gara. Gure helburua herritarren beharrei erantzutea da, jasangarritasuna eta eraginkortasuna oinarri hartuta”.

Elkarlanaren garrantzia
Bilkuran, Otaduyk talde politiko guztiei eskua luzatu die elkarlanerako, Mankomunitatearen zerbitzuak eta kudeaketa hobetzeko ahaleginean. “Ziur nago hemen gauden guztien helburua berdina dela: Durangaldeko herritarren bizi kalitatea hobetzea. Horretarako, elkarlan sendoa beharrezkoa da”, amaitu du presidenteak.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top