DOT Durangaldea

Datorren astean hasiko dira Zornotzako Karmen kalea oinezko egiteko lanak

Azaroaren 17an, astelehena, hasiko dira San Migel eta Konbenio kaleen arteko Karmen kalearen zatian

Lanak datorrena stelehenean hasiko dira

AMOREBIETA-ETXANO | Datorren astelehenean, azaroak 17, Karmen kaleko San Migel eta Konbenio kaleen arteko zatia oinezko egiteko lanak hasiko dira, udalerriaren erdigunean.

Esku-hartze hau Karmen 2.0 proiektuaren baitan kokatzen da. Asmo handiko plana da, eta hiri-arteria hori irisgarriagoa, iraunkorragoa eta pertsonen ongizatean oinarritutako espazio bihurtzea du helburu. Hala, eremu hori oinezkoentzako eginez, oinezkoen mugikortasuna erraztu eta Zelaieta parkea El Carmelo Parkearekin eta Herriko Plazarekin lotuko duen ibilbide berdea sortuko da.

Pertsonentzat eta hiri-ingurunearentzat pentsatutako eraldaketa
Espazioaren urbanizazio berriak izaera naturalizatuagoa izango du, eta ura drainatzen laguntzen duen zoladura berezia izango du. Halaber, berdeguneak gehituko dira, Europako Agenda 2030eko jasangarritasun-jarraibideak oinarri hartuta, airearen kalitatea eta hiri-ingurunea hobetzeko. Gainera, udan beroa murrizteko itzalgune gehiago sortuko dira, espazioa erabiltzaileentzat erosoagoa eta osasungarriagoa izan dadin.

Jarduketa hori, beraz, Udalak udalerriko erdigunea pertsonekiko eta ingurumenarekiko irisgarriagoa, seguruagoa eta begirunetsuagoa den gune bihurtzeko egiten duen etengabeko lanaren baitan kokatzen da. “Karmen kalea oinezko egiteko lanak hastearekin batera, gure udalerriaren bihotza eraldatzeko funtsezko urratsa ematen dugu. Proiektu honek Amorebieta-Etxanoko erdiguneko irisgarritasuna eta oinezkoen mugikortasuna hobetzeaz gain, gune berdeagoa, osasungarriagoa eta jasangarriagoa sortuko du gure bizilagunentzat. Arteria hau oinezkoentzako bihurtzea gobernu-talde honek pertsonen ongizatearekin eta ingurumena gehiago errespetatuko duen hiri-ingurunea garatzearekin duen konpromisoaren isla da. Erdigune dinamikoagoa eta konektatuagoa eraikitzen ari gara, zornotzarren bizi-kalitatea lehenetsiz”, adierazi du Ainhoa Salterain alkateak.

Lanen-faseak eta trafiko etenak
Obrak azaroaren 17an hasiko dira, astelehena, San Migel eta Konbenio kaleen arteko zatian, eta hainbat fasetan garatuko dira, obraren konplexutasuna dela eta. Lehenengo fasean, zirkulazioa eten egingo da biribilgunetik Gernikarako noranzkoan, eta debekatuta egongo da tarte hori erabiltzea; Karmen kaletik biribilgunerantz doan jaitsierako erreia, berriz, martxan egongo da.

Lanek irauten duen bitartean, trafikoari loturiko neurri desberdinak hartuko dira eta oinezkoentzako pasabideak desbideratu beharko dira. Neurri horien berri aldian-aldi emango du Udalak, bere kanal ofizialen bidez.

Lehenen esku-hartze hau Karmen kalea eraldatzeko proiektuaren parte da. Eraldatzeko proiektuak, bere osotasunean, 3.677 m² inguruko azalera hartzen du, eta helburu du Karmen kalea pertsonak eta jasangarritasuna lehenesten dituen hiri-espazio bihurtzea.

Udalerriaren etorkizunerako funtsezko proiektua
Proiektu hau Amorebieta-Etxanoko gobernu-taldearen apustu handienetako bat da, udalerriko erdigunea leku funtzionalago, irisgarriago eta jasangarritasun-printzipioekin lerrokatuago bihurtu dadin. Karmen kalea oinezkoentzako bihurtzea funtsezko aldaketa da espazio hori herritarrentzako topagune gisa berreskuratzeko, eta bide-segurtasuna eta pertsonen ongizatea hobetzen lagunduko du.

Obrak hasi aurretik hartutako neurriak
Karmen kalea oinezko egiteko lanak hasi aurretik, Amorebieta-Etxanoko Udalak hainbat neurri hartu ditu jada San Miguel eta Luis Urrengoetxea kaleetan, espazio publikoaren berrantolaketa bermatzeko.

Hala, kale horietan, erabilera esklusiboko aparkalekuak doitu dira baimendutako bizilagunentzat, baita zamalanetarako eremu zabalagoak ere, sarbidea eta eguneroko kudeaketak errazteko. Aldaketa horiek herritarrekin egindako parte-hartze prozesuan jasotako eskaerei erantzuten diete, eta inguruko egoiliarren eta saltokien mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzea dute helburu.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top