Ekonomialaria lanbidez, Euba auzoko zornotzarra da eta gaur egun Durangon bizi da

FUTBOLA | Maiatzaren 19an egindako Batzar Nagusian onartutako hauteskunde-egutegian ezarritako epea amaitu ondoren, SD Amorebietak jakinarazten du hautagaitza bakarra aurkeztu dela klubeko Lehendakaritza eta Zuzendaritza Batzordea aukeratzeko prozesura. Zerrenda horren buru Carlos Gómez Vicandi dago, gaur egun Durangon bizi den Euba auzoko zornotzarra. Hautagaitzak bazkideen 88 sinadura aurkeztu ditu, hautesle-erroldaren %10 baino gehiago, klubaren estatutuetan ezarritakoa betez.
Ogibidez ekonomialaria, Gómez Vicandi txikitatik dago SDArekin lotuta, klubeko harrobian jokatu baitzuen. Gainera, esperientzia du futbol-erakundeen kudeaketan. Durangoko Sapuherriak taldeko presidentea izan zen 15 urtez eta Euskadiko Futbol Federazioko Zuzendaritza Batzordeko kide izan zen 2021 eta 2025 bitartean, diruzain kargua betez.
Hauteskunde-egutegiak jasotzen duen bezala, bihar, ekainak 5, irekiko da inpugnazioak aurkezteko epea, ekainaren 8ko 20:00ak arte.


