Herriko jai gastronomikoa dastaketaz betetako egitaraua ekarriko du

ELORRIO | Urtero bezala ospatuko da Elorrion Buzkantz jaia, herriko tradizio gastronomiko eta sozialik maitatuenetakoa. Abenduaren 6tik 9ra bitartean, herriko kaleek eta tabernek odoloste usaina eta jai-giroa izango dituzte nagusi.
Abenduaren 6an, larunbatean, hasiko da egitaraua odoloste pintxo birarekin, Zubiertz, Mai, Batzokia, Portalekua, Bikale, Tanger, Xelai, Parra eta Urreberri tabernek parte hartuko dutelarik. Parte-hartzaileek aukera izango dute herriko tabernetan zehar pintxoak eta ardoa dastatzeko, odolostearen inguruko tradizioa eta gastronomia partekatzeko.
Abenduaren 7an, igandean, ohiko Buzkantz dastaketa egingo da herriko lau elkarte gastronomikotan, eta 10:00etatik 13:00etara Turismo Bulegoan pintxo-txartelak jarriko dira salgai (4 pintxo + ardoa edo ura, 8 euroan). Ondoren, 12:00tan, dastaketa hasiko da, eta botoak Turismo bulegoan eman ahal izango dira 14:45ak arte. Egun berean, plazan haurrentzako tailerrak eta ekintzak izango dira, giro familiarra sortuz.
Jaia abenduaren 9an, asteartean, amaituko da odoloste lehiaketaren sari banaketarekin, 13:30ean, Iturri Kultur Etxean.


