DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Berrizko EAJk «iruzur» egin dio Osakidetzari, jakinarazitakoa ez betetzeagatik

Atzo ez zen bigarren medikua joan, eta osasun-zentroan ez zen medikurik egon.

Joan den irailaren 19ko manifestazioaren irudia
Joan den irailaren 19ko manifestazioaren irudia

BERRIZ | EAJren udal taldea oso kritiko agertu da Osakidetzarekin, irailaren 18an jakinarazitakoa «ez betetzeagatik»; izan ere, Osasun Sailak jakinarazi zuen herriko familia medikuak berreskuratuko zirela, urriaren 1ean, hau da, atzo, bigarren medikua eta joan den hileko Familia eta Komunitateko Medikuntzaren eskaintzan sartutako hirugarren bat, BAME berrien kontratazioa barne. «Ulertu genuen eta espero dugu atzo bigarren postua betetzeko mediku bat lanean hastea ziurtasuna zela, baina, hala eta guztiz ere, ez da horrela izan. Aitzitik, urriaren 1ean ez zen medikurik egon osasun zentroan, ez 1, ez 2, ez 3, jeltzaleek salatu dutenez.

Berrizko anbulatorioan normaltasuna berreskuratzeko Osakidetzak duela aste batzuk jakinarazi zituen neurriak aurrerapauso positiboak zirela uste zuten. «5.000 pertsona inguru gara medikuek artatu behar gaituztenak, eta hiru plazak berehala bete behar dira. Hala ulertzen dugu, eta halaxe helarazi diogu Osakidetzari, bai Alkatetzaren bidez, bai Udalbatzaren bidez», adierazi dute jeltzaleek.

Baina egoera horren aurrean, Berrizko EAJ-PNV udal taldea «iruzurtia» sentitzen dela adierazi dute, eta haserre agertu dira Osakidetzak ez duelako bete jakinarazitakoa, herritarrengan eta EAJren udal taldean sortutako itxaropenak ez betetzeagatik, urriaren 1ean bigarren postua beteta ez izateagatik eta egoera hori «herritarrek eta Udalak berak horren berri izan gabe» gertatu delako.

«Gauzak horrela, ez-betetzeen eta ziurgabetasunen egoera honen aurrean, Osakidetzari eskatzen diogu, jakinarazitakoa betetzeaz gain, gure osasun-zentroak izan beharko lituzkeen 3 plazak berehala betetzeko. Berrizek behin betiko eta premiazko konponbidea behar du gure herritarrak merezi bezala artatuak izan daitezen», salatu du EAJk.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top