Kirola, musika, barazki eta fruitu erakusketa eta gastronomia nagusi izango dira programazioan
BERRIZ | Berrizko Olakueta auzoa Antonio Deunaren jaietan murgilduko da laster. Programazioa asteburu honetan bertan hasiko dira, kirola protagonista izanik, eta ospakizunek urtarrilaren 26ra arte iraungo dute adin guztientzako eta gustu guztietarako eskaintza zabalarekin.
Tradizioa jarraituz, programazioa San Antonio XVIII. Pilota Txapelketaren finalaurrekoekin hasiko da eta bi hitzordu izango dira. Lehenengoa urtarrilaren 10ean, 18:30etik aurrera, eta bigarrena hilaren 11n 17:00etan, biak Olakueta frontoian. Larunbaterako ere, Eje + Vivora taldeen kontzertua programatu da Berrizko Kultur Etxean (19:00).
Urtarrilaren 16an, 19:00etan Olakueta plazan hasiko den kalejiraren ondoren, Donien Atxa altxatuko da. Hilaren 17an, Antonio Deunaren egunean, meza ospatuko da Antonio Deunaren baselizan (12:00) eta 17:30ean, Probalekuan, Amaraunek Udalarekin elkarlanean bultzatutako II. Umeentzako Mendi Erronkaren sari banaketa egingo da. Bestalde, 19:00etan sagardo festa eta odoloste dastaketa hasiko dira eta orduan ere, pilota txapelketako finalak jokatuko dira.
Larunbatean, hilak 18, 12:00etan, Imanol Ituño magoaren emanaldia izango da Olakueta frontoian eta arratsaldeko 18:00etan disko festaz gozatzeko aukera izango da Probalekuan.
Igandean, hilak 19 11:00etatik aurrera eskualdeko XLIII Barazki eta Fruitu Erakusketa izango da eta 12:00etan baserriko txerri burualde dastaketa hasiko da. 12:30ean herriko dantza taldeak -Iremiñe eta San Lorentzo- Olakueta plazan arituko dira eta 19:00etan, Ekhi Lambert-en kontzertua izango da Antonio Deunaren baselizan.
Nekazal olinpiada
Astelehenean, hilak 20, Nekazal Olinpiada ospatuko da 19:00etatik aurrera frontoian.
16 urtetik gorako gazteek parte hartu dezakete eta jardueraren arauei dagokionez, gehienez sei taldek eman dezakete izena, talde bakoitzean bost lagun izango direlarik. Taldekide guztiek hartuko dute parte eta taldeak mistoak izango dira derrigorrez.
Izen emateak HEMEN
Azkenik, hilaren 26an , 11:30-13:00 bitartean BBK Fundazioak antolatutako Haurkuna, haurrentzako tailerrak iraunkortasunerako izango dira, 5 eta 11 urte bitarteko txikientzat. Arratsaldean, 19:00etan, Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola protagonista dituen Arizona antzezlana ikusteko aukera izango da Kultur Etxean.