DOT Durangaldea

Badator Jan Alai Burger, Zornotzako lehen burger lehiaketa maiatzak 3ra arte

Apirilaren 17tik maiatzaren 3ra, herriko 18 establezimenduk parte hartuko dute lehiaketan

Jan Alai Burger lehiaketa gastronomikoaren aurkezpena

AMOREBIETA-ETXANO | Amorebieta-Etxanoko Udalak Jan Alai Burger lehiaketaren lehen edizioa aurkeztu du gaur goizean. Ekimena apirilaren 17tik maiatzaren 3ra bitartean garatuko da, eta udalerriko 18 taberna eta jatetxe bilduko ditu. Proposamen honen ardatza sorkuntza libreko hanburgesak dira; hala, establezimenduek euren errezeta propioak landu eta konbinazio originalen aldeko apustua egin ahal izango dute.

Egun horietan, parte hartuko duten lokalek euren ohiko ordutegietan eskainiko dituzte proposamenak, berrikuntza ardatz duen ibilbide gastronomikoa sustatuz. Honako hauek dira lehian arituko diren establezimenduak: Goizeder, Ortzimuga, Batzoki Amorebieta, Coco Loco Smash Burger, Propi, La Amistad, Zelaieta, Aterpe, Leku Berri, Oasis, Venezia, Singing Munch, Harrison, La Viña, Aspaldiko, Amets, Txiri Txiri eta Bar Iruña.

Sariak

Lehiaketak bi sari nagusi aurreikusten ditu: 1.000 euroko saria hanburgesa onenari (epaimahai profesional batek hautatua) eta 500 euroko saria herritarren proposamen gogokoenari. Bozketa tabernetan jarritako ontzien bidez egingo da. Gainera, botoa ematen duten pertsonen artean beste 500 euro zozkatuko dira.

Sari banaketa maiatzaren 3an izango da, 18:00etan, Zelaieta Zentroan. Amaia Aurrekoetxea zinegotziak nabarmendu duenez, lehiaketa hau “aukera paregabea da ostalaritza sektorea indartzeko eta dinamizatzeko”, eta, aldi berean, establezimenduen “sormena eta talentua” erakusteko zein esperientzia gastronomiko berriak sortzeko balio du.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top