Eraberritzeko lanek 150.000 euroko aurrekontua izan dute eta aurrerantzean hiru gela desberdin sortu ahalko dira

ATXONDO | Udalak udalbatzar aretoaren eraberritze lanak burutu ditu, bertako erabilera areagotzeko helburuarekin. Lehen espazio bakarra zena, orain erabilera anitzeko gune bihurtu da.
Hori lortzeko, panel mugikorrak jarri ditu aretoko alde batean. Sistema horren bidez, bertako espazioa moldagarria da eta gela batean, bitan edo hirutan banatu daiteke, unean uneko beharraren arabera. Gela bakoitzak bere aulki, mahai eta armairu propioak ditu. Areto osoan bestelako hobekuntzak ere egin dira. Esaterako, gune osoa intsonorizatu da, aire egokitua jarri da eta leihoak berritu dira.
“Gune berriaren helburua gure udalerrian beharrezkoak diren espazioak areagotzea da. Aurrerantzean herritarrek aukera zabalagoa izango dute bilera edo jarduera ezberdinak burutzeko”, adierazi du Eneritz Agirre alkateak. Zentzu horretan, gGogoratu behar da eskolako eraikin zaharreko gela bat ere erabilera anitzeko gune moduan erabiltzen dela gaur egun.
Udalbatzar aretoa eraberritzeko lanek 150.000 euroko aurrekontua izan dute, horietatik 62.000 euro Bizkaiko Foru Aldundiko diru-laguntza batetik datoz.