Udalak 2025ari begirako aurrekontuak onartu ditu 2.096.177 euroko zenbatekoaz

ATXONDO | Atzoko osoko bilkuran, udalbatzak 2025ari begirako aurrekontuak onartu zituen. 2.096.177 euroko zenbatekoarekin, inbertsio nagusietako batek herriguneko irisgarritasuna hobetzea du helburu, hala nola Euskalerria Kalea Goiko Plazarekin lotzen duen igogailu publikoari tarteko solairu bat gehituko diote, kale horretako 3. eta 4. portaleetan bizi diren bizilagunen joan-etorriak errazteko. Proiektuaren lehen fase honetarako 250.000 euroko diru- atala gorde du udalak.
Herritarren bizitza kalitatea hobetzeko hainbat inbertsio aurreikusten dira aurrekontuetan. Adibidez, Eskola zaharreko erabilera anitzeko gelan hainbat hobekuntza egingo dira. Besteak beste, argiteria berritu eta oholtza bat gehituko da, musikari, antzerkiari edo eta bestelako diziplinei lotutako ikuskizunak garatzea erraztuko duena. Lan hauek 17.517 euroko diru-atala dute eta kopuru horretako 9.626 euro diru-laguntzen bidez estaliko dira.
Beste inbertsio birekin, herri bideak konpondu —22.000 euroko diru- atalagaz— eta Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren prozeduragaz jarraituko dute. Azken honen zenbateko osoa, 32.400 euro, Aldundiko diru-laguntza bidez estaliko da.
Kultura eta Berdintasuna
Beste jarduketa batekin igerilekuko ur-hodierian konponketa lanak egingo dira, ur-ihes bat konpontzeko. Une honetan udala ur-ihesaren hedadura neurtzen ari da. Azterketa eginda dagoenean, berau konpontzeari ekingo dio iazko soberakinetatik.
Horrez gainera, udaleko brigadako langileentzat furgoneta hibrido berri bat erosiko da, energia berriztagarrien aldeko apustua eginez. Furgonetaren karga-puntua brigadaren pabiloian jarriko dute.
Azkenik, herri bizitza askotariko ekimenekin aberasten duten egitasmoak diruz laguntzen jarraituko du udalak: Atxondoko Kultur Mahaira eta Berdintasun Kontseilura 19.000 euro eta 13.736 euro bideratuko dira, hurrenez hurren. Berdintasun Kontseiluko zenbatekoaren zati handi bat, 10.000 euro, Aldundiko diru-laguntza batekin estaliko da.
Inbertsio horiez gainera, udalak iazko soberakina ere erabilgarri izango du. Beraz, urtean zehar aurrekontuetan sartu bako proiektuak gauzatzeko aukera egongo da. “Herritarren nahiak aintzat hartuz osatutako aurrekontuak dira eta herriko beharrizanak ahalik ondoen barneratzen saiatu gara”, adierazi du Eneritz Agirre alkateak.
Kontuak EH Bilduren (Udal Gobernua) eta EAJren aldeko bozkekin, aho batez irten ziren aurrera.