Espazio publiko berriaren egokitzapen lanak
datozen asteetan hasiko dira

ABADIÑO | Toki administrazioak ortu publikoetan partzelak eskuratzeko izen-ematea zabalduko du astelehenean. Herritarrek 50 m2-ko 66 lurzati izango dituzte eskuragarri. Eremuen esleipena egiterako orduan irizpide sozialak hartuko dira kontuan beharrizan handiena duten herritarrek lurzatiak eskuratzeko sarbidea errazteko, eta jasangarritasun eta genero ikuspegia ere txertatu dira.
Gauzak horrela, eremuen banaketa 4 taldetan egingo da, eta dokumentu zehatz batzuk aurkeztu beharko dituzte talde horietako batean dauden pertsonek:
- Taldea (%25): Gizarte-babesa behar duten kolektiboak, hau da, langabezian daudenak, Lanbide arteko gutxieneko soldata kopurua edo baxuagoa jasotzen dutenak eta Genero indarkeria jasan dutenak.
Zer dokumentazio aurkeztu behar dute?-
- Langabetuek: familia-unitatean, langabezian dagoen pertsona bakoitzaren azken bi asteetako lan-bizitza.
- Lanbide arteko Gutxieneko Soldata kopurua edo baxuagoa jasotzen dutenak: azken urteko errenta aitorpena
- Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (gazteleraz ezagunagoa den RGI) jasotzen dutenak: errenta hori jasotzen dutela egiaztatzen duen ziurtagiria.
- Genero indarkeria jasan dutenak: genero indarkeria jasan dutela adierazten duen egiaztagiri bat.
- Taldea (%7,5): Udal intereseko elkarteak, hau da, ikastetxeak eta baliabide gutxi dituzten edo premia bereziak dituzten Abadiñoko pertsonekin lan egiteko helburu soziala duten elkarteak, ingurumen-helburuekin loturiko helburu soziala duten Abadiñoko elkarteak edo udalarekin hitzarmenak dituztenak.
- Taldea (%25): 65 urtetik gorako pertsonak.
- Taldea (%42,5): modu librean eta zozketa bidez bideratuko dira edozein pertsonarentzat.
-
Lehen eta bigarren taldeetan, zaurgarritasun eta jardueraren interes publikoaren araberako puntuazio sistema bat izango da. Gainontzeko taldeetan izen ematea plaza kopuruei dagokiena baino handiagoa bada, zozketa egingo litzateke. Horrez gainera, Udalak ortuak lantzeko baliabide materialak eta lanabesak nahi duten erabiltzaileen eskura jarriko ditu. Hilabeteko 10 euroko prezioa izango dute eta honetaz gain, bakoitzak kontsumitzen duen ur bolumenaren araberako ordainketa egin beharko du. Beharrizan ekonomikoak dituztenentzako hobari sistema bat aplikatuko da.
Izen-ematea Udaletxean edo Traña- Matienako udal bulegoan egin beharko dute herritarrek martxoaren 21era arte.
Egokitze lanak, aurrera
Ortu publikoen eremua prestatzeko lanketan aurrera pausoak eman ditu Udalak. Lan horiek gauzatzeko kontratua esleitu du jada, eta enpresak martxoan ekingo dio eremua egokitzeko lanari. Lanek 71.693,65 euroko kostua izango dute (BEZ barne), eta maiatzean zehar bukatzea aurreikusten da.