DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Aritz Labrador izango da Amorebieta-Etxanoko danborradaren zuzendari berria

Jou Gonzálezek amaiera eman dio zuzendari gisa egin duen etapari eta urtetan danborradaren zuzendaritzan egon ondoren, Aritz Labradorri eman dio lekukoa

Jou danborradaren figura izan da

AMOREBIETA-ETXANO | Udalak prentsaurreko bidez aurkeztu du gaur goizean herriko jaietako danborradaren zuzendari berria. Izan ere, urtetan danborradaren zuzendari gisa jardun ondoren, Jou Gonzálezek lekukoa eman dio Aritz Labradorri, gaur egun Zornotza Musika Bandaren eta haurren danborradaren zuzendaria denari. Labradorrek pozik eta ilusioz hartu du erronka berria.

Urte askoren ondoren danborradaren gidaritzan, Jou Gonzálezek etapa hau ixtea erabaki du. “Oso zoriontsu izan naiz danborradaren zuzendari bezala, baina badakit Aritz buru, esku onenetan uzten dudala. Orain urte hauetan nirekin danborradan aritu diren pertsona guztiei eskerrak ematea besterik ez zait geratzen, lan zoragarria egin duten eta haien erantzuna ezin hobea izan da beti. Eskerrik asko, baita ere, Udaleko langileei, horrelako esperientzia bizitzeko aukera eman izanagatik. Asko ikasi dut eta pertsona asko ezagutu eta harremanetan sakontzeko aukera eskaini dit”.

Amorebieta-Etxanoko Udalak, halaber, eskerrik beroenak eman nahi izan dizkio Jouei ere urte hauetan guztietan erakutsitako dedikazio, konpromiso eta grinagatik. Bere zuzendaritzapean, danborrada jaietako unerik garrantzitsuenetariko bat bihurtu da, ehunka pertsona musika, tradizioa eta herri-sentimenduaren bueltan batuz.

“Jou danborradaren figura izan da, jaietako egitarauaren ezinbesteko parte, eta bere lanak arrastoa utzi du bai parte-hartzaileengan, bai ikusleengan. Udalak, herritar guztien izenean, bere ekarpen handia eskertu nahi du eta zorte onena opa dio datozen proiektuetan”, adierazi du Ainhoa Salterain alkateak.

Aurrerantzean, Aritz Labrador arduratuko da danborradaren zuzendaritzaz. Labradorrek, Zornotza Musika Bandaren eta haurren danborradaren arduraduna ere badenak, honakoa adierazi du: “Erronka hau ohore eta erantzukizun handiz jasotzen dut, gogoz eta ilusioz. Niretzat, ondare honi jarraipena ematea harrotasunez betetzen nauen konpromisoa da, eta ideia eta proiektu berriekin helduko diot etorkizunari begira danborradak izaera eta nortasun propioa izan dezan, betiere helburu batekin: zornotzarrek danborradaz urte luzez gozatzen jarrai dezaten”.

Danborradaren hasiera ordua aurreratuko da

Aurtengo berrikuntzen artean, danborradaren hasiera ordu erdi aurreratuko da, eta etenik gabe egingo da, ohiko moduan Herriko Plazan amaituz; bertan errepertorio osoa eskainiko da. Euria eginez gero, aldez aurretik emango da ibilbidean izan daitezkeen aldaketei buruko informazioa.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top