DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Antzerkia, dantza eta musika eskaintza zabala Zornotza Aretoan

Besteak beste, Eider Etxeandia “Heitxi” abeslari zornotzarraren diskaren aurkezpena, “Macho Grita” antzezlana edota “Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore” pailazoen ikuskizuna nabarmentzen dira

Ainhoa Salterain eta Eider Etxeandia “Heitxi” abeslaria.

AMOREBIETA-ETXANO | Datorren ostiralean, otsailak 7, kultur denboraldi berriari emango dio hasiera Zornotza Aretoak, antzerkia, dantza eta musika batzen dituen ekintza eta ekitaldi eskaintza zabalarekin. Hilaren 7tik hasita ekaina bitarte Aretoko egitarauak kultur ekintza eta ekitaldi ugari jasotzen ditu, hala nola, Eider Etxeandia “Heitxi” abeslari zornotzarraren diskaren aurkezpena, “Paris Slim” edo “Oroitzapenak bertsotan” musika emanaldiak, “Itzulera”, “Zorretan” edo “Macho Grita” bezalako antzezlanak edota “Lana” dantza ikuskizuna; haur eta gaztetxoentzat, halaber, familia antzezlan eskaintza zabalaz haratago, “Go!azen 11.0” musika-emanaldia edota “Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore” pailazoen ikuskizuna nabarmentzen dira.

Hain zuzen gaur goizean prentsaurreko bidez aurkeztu du Amorebieta-Etxanoko Udalak kultur egitarau berria, otsailetik ekainera bitartean garatuko dena. Ohiko moduan, programa adin guztietako publikoarentzat diseinatuta dago, familientzat bereziki pentsatutako jarduerak barne. “Udalak kulturaren aldeko apustua egiten jarraitzen du, kultura gizarte kohesioaren parte garrantzitsu gisa ulertzen dugulako, herritarren gozamenerako topagune gisa, alegia. Zornotza Aretoa herriko kultur bizitza dinamizatzeko ezinbesteko espazioa da eta gaur aurkezten dugun egitaraua, herritar ororentzat kalitatezko proposamenak eskaintzeko dugun konpromisoaren isla da”, azpimarratu du Ainhoa Salterain Amorebieta-Etxanoko alkateak.

Egitarauari dagokionez, ekainera bitartean, Zornotza Aretoak dantza, musika eta antzerki emanaldi desberdinak jasoko ditu, baina horiez haratago, Zineklub-eko proiekzioak ere eskainiko dira bertan. Hala, martxora bitartean, asteartero, 19:00etan, Gariza Films-ek aukeratutako filmak proiektatuko dira, eta, ondoren, hautazko solasaldi bat egongo da filmaren mezuan eta alderdi teknikoetan sakontzeko.

Egitarau berria

Antzerkiak emango dio hasiera hain zuzen Zornotza Aretoko egitarau berriari, ostiralean, otsailak 7, umorea, poesia eta akzioa batzen dituen “Itzulera” antzezlanarekin. Emanaldi horri jarraituko diote, ekainera bitartean, beste 6 antzezlan desberdinek, esate baterako: “Ensayo General” (Banarte) umorea eta ikus-entzunezko sormen berritzaileekin, “Ni flores, ni funeral, ni cenizas, ni tantán” (La Dramática Errante) heriotzaren eta doluaren inguruko hausnarketarekin, “Zorretan” (Hika), egoera komiko, absurdo edo surrealistekin, “Arizona” (Txalo) migrazioaren eta mugen inguruko istorio gordin eta tragikomikoarekin, “Renata” (Kamikaz Kolektiboa) absurdoa eta umorea oholtza gainean uztartuz eta “Macho Grita” (Alberto San Juan y banda), komedia musikala, Espainiako historiari eta matxismoaren eraikuntzari buruzko ikuspegi kritiko bat eskainiz.

Musikari dagokionez, egitarauak guztira 7 kontzertu jasotzen ditu, hainbat musika estilo uztartuz eta publiko zabalari zuzendutako proposamenekin.

Denboraldiko ekitaldi nabarmenenetako bat Eider Etxeandia “Heitxi” zornotzarraren kontzertua izango da. Erromeria, lehiaketa eta haur ikuskizunetan parte hartu ondoren, bakarkako bere lehen diskoa aurkeztuko du martxoaren 7an, “Berreraikitze Aroa”, abeslariaren hitzetan “proiektu oso pertsonala eta nortasuna berreraikitzeko prozesua aztertzen duena”.

Lan honek musikalki, estilo modernoak uztartzen ditu; hala nola, elektronika, eta euskal kulturako soinu tradizionalak, trikia eta panderoa kasu. Zuzenekoetarako, gainera, bost emakume gaztez osatutako taldea osatu du, elkarrekin, publikoa bidaia sentsorial batera gonbidatuz ikus-entzunezkoak uztartzen dituen ikuskizun batean.

Musika eskaintza osatuz, “Go!azen 11.0” gazte ikuskizuna eskainiko da martxoaren 1ean eta Zornotzako Musika Bandak hainbat kontzertu eskainiko ditu, hala nola “Emakumeak Oroituz”, emakumeek musikaren historian izan duten ekarpena nabarmentzeko, eta “Jai-Giroa Gogoan”, jai herrikoien doinuak berreskuratzeko. Estatu Batuetako bluesaren ukitua ere izango da, “Paris Slim” eta “Jerron Blind Boy Paxton” artisten eskutik.

Dantzaren zaleentzat, “Lana” (Osa+Mujika) emanaldiak lan-kulturari buruzko hausnarketa batera gonbidatuko ditu ikusleak, martxoaren 28an, dantza garaikidearen eta irudi bisualen arteko konbinazio hipnotiko baten bidez.

Familientzako ikuskizunek ere aukera zabala izango dute Zornotza aretoan, etxeko txikienek ere kulturaz goza dezaten. Hala, hainbat antzezlan eskainiko dira familia zornotzarrei zuzenduta, haien artean “Elara, bidaia bat izarretara” (Mar Mar), haurren dolu prozesua lantzen duen istorio poetikoa, eta “Scrooge eta mamuak” (Khea Ziater), Dickens-en klasikoaren egokitzapena. Horrez gain, “Ostirala iritsi da!” (Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore) umorez eta abenturez betetako proposamen dibertigarria izango da. Amaitzeko, “Moko, Indalecio Bizkarrondo ‘Bilintx'” (Gorakada) antzezlanak bertsolaritzaren eta hitzaren boterearen inguruko kontakizun hunkigarria aurkeztuko du.

Aurretiazko sarrerak, dagoeneko eskuragarri

Ekitaldi desberdinetarako aurretiazko sarrerak dagoeneko eskuragarri daude udal webgunean, eta interesa duten herritarrei, horiek ahalik eta azkarren hartzea gomendatzen die Udalak, Aretoko aforoa mugatua dela kontuan hartuz, sarrerarik gabe gera ez daitezen.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top