0-1 irabazi dio Real Zaragozaren bigarren taldeari

FUTBOL | Urdinek ligako lehen garaipena bisitari gisa lortu dute Real Zaragozaren bigarren taldea mendean hartuta, talde osoaren partida serio batean. Bigarren zatiaren hasieran abagune onenak sortu ditu eta hor heldu da neurketako gol bakarra, Zorrillak gauzatu duena Arzalluzek presioan baloia berreskuratu ostean. Nahikoa izan da hiru puntuak eskuratzeko bigarren astez jarraian atea hutsean utzi baitute.
Lehen zatia berdinduta eta abagune argirik gabe igaro da. Etxekoak ondo hasi dira, baina urdinek kontrola hartu dute minutuek aurrera egin ahala eta hainbat abisu eman dituzte. Hernaizen bi jaurtiketek ez dute saririk lortu. Torricoren presioa ere ez, atezainaren pasea geldiarazi ostean, baina baloiak ez du ate aldera jo. Atsedenaldia baino pixka bat lehenago, Entrecanales probidentzialki zapuztu du Zaragozaren eraso oparoa. Torrico eta Arzalluzen arteko lotura onak ere arriskua sortu du beste aldean, baina atzelari batek 10aren pasea moztu du. Horrela, lehen zatia 0-0ekoarekin amaitu da.
Urdinak indartsu itzuli dira aldagelatik eta 50. minutuan sortu dute norgehiagokako lehen aukera argia. Hodei Rodriguezek Obonen geldiketa onarekin egin du topo. 53.ean atezainak gogor sartu du eskularrua Hernaizen falta jaurtiketari aurre egiteko. Merezitako saria 58an iritsi da. Arzalluzek baloia aurkariaren arean lapurtu eta Zorrillari eman dio markagailua irekitzeko. Gureak aldea handitzeko gertu egon dira 65.ean, baina atezainak Torricoren errematea gelditu du. Azken 20 minutuetan, Deportivo Aragonek gora jo du berdinketaren bila eta urdinek kontraerasoak sortzeko tarteak izan dituzte, baina ez talde batek ez besteak ez dute asmatu azken metroetan eta 3 puntuak Urritxerentzat joan dira.


