Jardunaldiak 35 eta 71 urte bitarteko 140 karateka baino gehiago bilduko ditu frontoian

KARATE | Amorebieta-Etxanoko Udalak eta Euskadiko Karate Federazioak (EKF/FVK) joan den irailean sinatutako hitzarmenaren baitan, Euskadiko Karate Master 2025 txapelketa hartuko du igande honetan, karateka beteranoei zuzendua. Aurtengo edizioan, 35 urtetik gorako 140 karateka baino gehiago elkartuko dira, Kata eta Kumite modalitateetan eta 35 eta 71 urte bitarteko hainbat kategoriatan banatuta.
Amorebieta-Etxanoko alkateak, Ainhoa Salterainek, ekitaldi honek udalerriarentzat duen garrantzia azpimarratu du: “Amorebieta-Etxanok horrelako txapelketa bat jasotzen duen eta karateka beteranoentzat hain berezia den topaketa honen agertoki bihurtzen den lehen aldia izango da. Gainera, aurten 40 emakumek baino gehiagok parte hartu dute txapelketan, eta hori guztiz bat dator Udal honek genero berdintasuna eta kirol jarduera inklusiboak bultzatzeko duen konpromiso irmoarekin. Ziur gaude txapelketa hau arrakastatsua eta gogoangarria izango dela parte hartzaile guztientzat”.
Modalitatea eta kategoriak
Lehiaketa goizeko 10:00etan hasiko da, Zelaietako IV. frontoian eta bi modalitate nagusitan banatuko da: Kata eta Kumite. Katan, lehiakideak adin-tarte eta generoaren arabera taldekatuko dira, 35 urtetik 71 urtera bitarte. Kumiten, kategoriak generoaren eta pisuaren arabera banatzen ditu parte-hartzaileak.
Kumiteko lehiaketa-sistema zuzeneko kanporaketa eta errepeska bidez egingo da; Katan, berriz, zozketa bidezko ligaxka bat egingo da. Parte hartzeko, kirolariek gutxienez gerriko urdina izan beharko dute, eta 2025eko federazio-lizentzia eduki beharko dute.
Atzon, Amorebieta-Etxanoko Udalak egindako agerraldian Ainhoa Salterain alkateak, José Manuel Colás Mosquera, Euskadiko Karate Federazioko presidenteak eta Iñaki Calvo, Ukabidea klubeko ordezkariak parte hartu zuten.