Alkateak opari instituzional hau artistari berari eman dio, udalerriak artearekiko duen konpromisoa berresteko eta hari egindako aitortza gisa

AMOREBIETA-ETXANO | Amorebieta-Etxanoko Udalak, “Zornotxori” aurkeztu du, Jon Mikel Euba zornotzar artistari egindako opari instituzional berria. Eubaren sorkuntza da, naturarekin lotutako ikuspegi artistiko baten bidez inguruko nortasuna modu sinbolikoan jasotzen duena. Udalerriaren irudia ordezkatzeko asmoz sortu da pieza, eta eskultura bihurtuta, aurrerantzean ekitaldi eta aintzatespenetan emango den opari instituzionala izango da.
Ospatutako prentsaurrekoan, Ainhoa Salterain alkateak eskultura Eubari berari eman dio, Udalaren aintzatespen gisa. Keinu horren bidez, bere sorkuntza lana zein ibilbide artistikoa nabarmendu nahi izan dira. Ekimen honekin, Udalak arte garaikideari lekua emateko konpromisoa indartu du ordezkaritza instituzionalean, Amorebieta-Etxanori berezko nortasuna eta identitate propioa emango dion ikurra sendotuz.
Salterainek azpimarratu du: “Zornotxorik oso modu berezian jasotzen du herri gisa garen hori, ingurunearekiko eta egunerokoarekin dugun harremana”, eta gaineratu du: “opari instituzional honek ez du irudi bat bakarrik balioan jartzen, baizik eta tokiko talentua eta Jon Mikel Euba bezalako artista baten ibilbidea ere bai, gure udalerrian eta hemendik kanpo erreferente dena”.
“Zornotxori” proposamen artistiko bat da, bi zuhaitz-orriren bidez hegazti baten silueta eraikitzen duena, itxuraz sinplea izan arren karga sinboliko handia duen irudia sortuz. Lana “ikaztxori” irudian inspiratzen da, Amorebieta-Etxanon ohikoa den txori batean; hurbil egon arren askotan oharkabean pasatzen dena, egunerokoaren sinbolo bihurtuz eta esanahi berria hartuz.
Ideia horretatik abiatuta, Jon Mikel Eubak landare eta animalia elementuak uztartzen ditu, interpretaziorako irekia den eta erraz ezagutzen den irudi bat sortuz, errealaren eta iradokitakoaren arteko mugan jolastuz. Lan honek landa-koadernoen begirada ekartzen du gogora: behatutakoa ez da soilik jasotzen, baizik eta norberaren ikuspegitik berrinterpretatzen da, objektibotasunaren eta pertzepzio pertsonalaren arteko nahasketa bat sortuz.
Izenak berak, “Zornotxori”, herriaren nortasunarekin lotura estua adierazten du, Amorebieta-Etxano izena eta “txori” hitza uztartuz, eta hurbileko zein berezko ikur gisa finkatuz.
Formaz harago, piezak ideia argi bat proposatzen du: inguruan dugunari beste modu batean begiratzea. Horrela, artea hurbilekoa balioan jartzeko tresna bihurtzen da, oharkabean igarotzen dena Amorebieta-Etxanoren berezko elementu adierazgarri bihurtuz.
Nazioarteko artista ospetsua
Jon Mikel Euba (Amorebieta-Etxano, 1967) arte garaikideko izen nabarmenetako bat da, Estatuan zein nazioartean ibilbide sendokoa. Marrazkia eta eskultura ditu lanaren ardatz nagusi, baina performancea, bideoa eta idazketa ere lantzen ditu, berezko eta erraz ezagutzeko moduko praktika artistikoa garatuz.
Bere ibilbidean zehar, proiektu esanguratsuak bultzatu ditu arlo artistikoan eta pedagogikoan, eta bere lana erreferentziazko bildumetan dago jasota, hala nola Museo Reina Sofía edo MACBA museoan, besteak beste. Azken urteetako lorpenen artean, 2025eko Gure Artea sarietan jasotako aintzatespena nabarmentzen da, euskal arte garaikideko sari garrantzitsuenetako batean, eta horrek indartu egiten du gaur egungo eszenan funtsezko erreferente gisa duen posizioa.
Ibilbide horrek Euba erreferentziazko artista gisa kokatzen du, eta Amorebieta-Etxanorekin duen loturak are balio sinboliko handiagoa ematen dio “Zornotxori”ri, indartu eginez opari instituzional berri honen esanahia.
Opari instituzional berri honekin, Udalak urrats sendoa ematen du berezko irudi identitario bat eraikitzeko bidean, tokiko talentuaren eta artearen aldeko apustua eginez Amorebieta-Etxano kanpora proiektatzeko tresna gisa. Horrela, balioan jartzen ditu bai herriaren kultura, bai hori posible egiten duten pertsonak.
Eskertza
Amaitzeko, Jon Mikel Eubak bere ibilbide artistikoaren hastapenetan bidelagun izan zituen hainbat lagun eta eragile aipatu nahi izan ditu. Luis Javier Ugarte, kultura arduraduna izan zena urte askotan Amorebieta-Etxanoko udalean, eta Nafarroa Zentroaren kokagunean, bere lehenengo lanak uzteko espazioa utzi ziona.
Bigarrenez, herrian erreferentea izan den Nicasio Carrillo ileapaintzailea, Jon Mikelen hasierako urteetan lekua ere utzi ziona bere lanentzako. Eta azkenik, Uranga tabernako familia, aurreneko urte horietan Jon Mikeli erakusketa egiteko leku moduan jatetxeko zati bat eskeini zion familia.


